Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ezarritako muga zergen eraginez, 700 milioi euro apalduko dira EAEko esportazioak, eta Eusko Jaurlaritzak ez du besoak gurutzatuta geratu nahi. Eman beharreko erantzun publiko-pribatua aztertzeko, eztabaidatzeko eta koordinatzeko, Jaurlaritza galerarik handienak izan ditzaketen sektoreekin elkartuko da, eta gaur egin du deitutako hiru bileretan lehenengoa. Mikel Jauregi Industria sailburua siderurgia sektoreko ordezkariekin bildu da Gasteizen, Euskadiko Parke Teknologikoaren egoitzan, eta automobilgintzaren eta fabrikazio aurreratuaren sektoreekin bilduko da irailaren 22an eta 29an.
Jauregik azaldu duenez, bilerak balio izan du Jaurlaritzak eta enpresek identifikatu dezaten siderurgia sektoreari laguntzeko zer proiektu eta zer ekintza behar diren, baita muga zergen bilakaera zuzenean aztertu eta elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa berresteko ere. Sailburuak esan du zuzenean entzun nahi dituztela sektore kaltetuenetako enpresak, eta muga zergen inguruko diagnostikoa elkarrekin egin nahi dutela, erantzuna ere bateratua izateko: «Erantzun bateratua eman nahi dugu gaur egungo muga zergek gehien eragiten dieten sektoreetako lanpostuak eta enpresak babesteko eta defendatzeko».
«Erantzun bateratua eman nahi dugu gaur egungo muga zergek gehien eragiten dieten sektoreetako lanpostuak eta enpresak babesteko eta defendatzeko»
MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua
Kalteak jasango lituzketen enpresei laguntzeko, 2.100 milioi euro jartzea onartu zuen Jaurlaritzak apirilean, Trumpek muga zerga orokorrak ezarriko zituela iragarri zuenean, eta Jauregik adierazi du bilerak balio izan duela ere laguntza horren erabilera ebaluatzeko, baita «enpresei laguntzeko modu berriak aztertzeko ere».
Mahai sektorialean parte hartu dute sektoreko enpresa nagusiek —Tubacex, Tubos Reunidos, Sidenor, Arcelor Mittal, Nervacero, Olarra, Grupo Arania eta Ucin—, baita Siderex klusterrak, Arabako Foru Aldundiak, Arabako Merkataritza Ganberak eta Confebaskek ere. Sailburuak joan den astean aitortu zuen siderurgiaren sektoreak kezkatzen dituela gehien, «mende bat baino gehiagoz euskal garapen ekonomikoaren zutabea izan baita».

Gaur beste behin esan du %50eko muga zergak ezartzeak kalte egiten diola enpresa siderurgikoen lehiakortasunari. Jaurlaritzaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako siderurgia enpresek AEBetara egiten dute euren esportazioen %13 —iaz, 261 milioi euro—, eta Jauregik azpimarratu du sektore horrek eragin handia duela teknologiaren eta zerbitzu aurreratuen esparruetan ere.
Orotara, Jaurlaritzak aurreikusi du EAEko enpresen salmentak 700 milioi euro murriztuko direla muga zergen ondorioz, eta horrek BPG barne produktu gordina %0,33 inguru jaistea eragingo duela. Iaz 1.991 milioi eurorenak izan ziren AEBetara egindako esportazioak. Horrez gain, sailburuak kontatu du Trumpen neurriek zeharkako eragina izango dutela produktuak Alemaniara, Frantziara eta Italiara esportatzen dituztenentzat, enpresa horien merkatua murriztu egin daitekeelako errebote efektuaren ondorioz.