Jaurlaritzak hazkunde aurreikuspenak jaitsi ditu, «ziurgabetasuna» dela eta

Azpiazuk esan du urtearen lehen erdian ekonomiak motel jarraituko duela, eta urrian iragarritako %4,3ko hazkundea %1,5era murriztu du

Pedro Azpiazu sailburua, erdian, bere departamentuko arduradunekin, atzo. IREKIA.
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Aurtengo hazkunde aurreikuspenak berrikusi ditu Eusko Jaurlaritzak: urrian iragarritako %4,3tik %1,5era jaitsi du. Datorren urtekoa, berriz, %2,1ean mantendu du. Iazko azken hiruhilekoan izan den dezelerazioaren ondorioz egin du berrikuspen hori Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak. Adierazi duenez, gaur egungo egoerak «kontserbadoreak eta zuhurrak» izatea eskatzen du, ziurgabetasuna «oso handia» delako. Gogoratu du Ukrainako gerrak eta neurrigabeko inflazioak bere horretan jarraitzen dutela, eta horri gehitu dizkio «moneta politikaren ondorioak» eta «banka sistema jasaten ari den arazoak».

Hala, Azpiazuk uste du ekonomiak moteltzen segituko duela urtearen lehen erdian, baina espero du hortik aurrera haztea. «Elementu positibo gisa», nabarmendu du aurten ehun ekonomikora iristen hasiko direla Europako funtsak, eta lan merkatua «indartsu» dagoela. Datozen bi urteetarako Jaurlaritzak kalkulatu du 20.000 enplegu sortuko direla, urtero 10.000.

Iazko urteari buruz, Iñaki Barredo sailburuordeak azaldu du «oso positiboa» izan zela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiarentzat: gogoratu du BPGa %4,4 handitu zela, eta hazkundea «nahiko homogeneoa» izan zela alor guztietan. Hala ere, gogoratu du urteko bigarren zatian industrian, eraikuntzan eta neurri txikiagoan zerbitzuetan motelaldia izan zela, eta kontsumoan ere nabaritu zela hori.

Urte hasiera honetan joera hori mantendu egin dela adierazi du, baina datozen hilabeteei begira «baikor» azaldu da; uste du aldatuko dela, eta alor guztietan, batean izan ezik: esportazioetan. Barredoren arabera, inguruko herrialdeen egoeraren ondorioz, apaldu egingo dira kanpo salmentak, eta batez ere Alemaniakoak —herrialde hori da euskal produktu industrialen merkatu nagusia—.

Hala ere, eta egoera ezegonkorra izan arren, Barredok uste du inbertsioen hazkundea «mantenduko» dela urte osoan (%2,4), eta kontsumo pribatua handitu egingo dela (%1), bereziki udaberritik aurrera; ordurako espero du inflazioa jaisten hasiko dela, eta bereziki azpiko inflazioa.

Lasaitasun mezua

Credit Suisseren krisia eta Silicon Valley Banken hondoratzea ere aipatu ditu Azpiazuk, eta «lasaitasun mezua» bidali nahi izan du. Bi finantza erakunde horiek sortutako egoera «finantza ekaitza txikitzat» jo du, baina onartu du burtsan kotizatzen duten banku askotan «eragin handiak» izaten ari dela, eta adi egon beharra dagoela. 2008an gertatutakoa gogoratu du: «finantza sisteman izua oso azkar hedatzen da», ohartarazi du, baina gaineratu du ez dela «alarmismoan» erori behar.

Euskal Herrian egoitza duten bankuei buruz —Kutxabank aipatu du— esan du «erabat bakartuta» daudela —Kutxabankek ez du burtsan kotizatzen, ezta Laboral Kutxak ere—, eta egoerari eusteko likidezia dutela. Hala ere, azpimarratu du «behar izanez gero» Jaurlaritzak eskura dituen erabakiak hartuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.