Jaurlaritzak lehen sektoreari erakutsitako «errespetu falta» salatu du EHNEk

Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean eginiko elkarretaratzean, sindikatuak adierazi du lehortea dela-eta emandako diru laguntzak «baserritarrak ase eta isilarazteko limosna» direla.

EHNEk Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean gaur eginiko elkarretaratzea. RAUL BOGAJO / FOKU
EHNEk Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean gaur eginiko elkarretaratzea. RAUL BOGAJO / FOKU
2026ko urriaren 8a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehorteak ekarritako kostuei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak iragarritako diru laguntzek ez dituzte lehen sektoreko sindikatuen kexak apaldu; kontrara, bien arteko tentsioa areagotu dute. Salatu dute Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak larunbatean iragarritako 4,9 milioi euroren laguntzak «eskasak» direla. Hain zuzen, EHNE Konfederazioak elkarretaratzea egin du gaur Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen.

«Eusko Jaurlaritzak lehen sektorearekiko erabateko sentikortasun falta erakutsi du, errealitatearen pertzepzio okerra eta kezka falta larria», adierazi dute elkarretaratzean. EHNEren esanetan, azken hilabeteetan Jaurlaritzak nekazariekin eta abeltzainekin biltzeko eratutako bi mahaietan —Klima eta Bazka mahaietan— lehorteak eragindako egoera ez da «behar bezala» tratatu.

Diru laguntza guztiak banatuta, EHNEren arabera, lurralde bakoitzak 1.600.000 euro inguru jasoko ditu lehortea dela-eta jasandako kaltea konpentsatzeko. «Foru aldundiek egiten duten ahaleginarekin alderatuta —Gipuzkoakoak 1,6 milioiko diru sail bat iragarri du; Bizkaikoak, 1,5 milioikoa; eta Arabak, ia bi milioikoa—, oso kopuru txikia da».

Sindikatuak nabarmendu du aurrerantzean ustiategietan sortuko diren gastuak eta kalteak «oso handiak» izango direla. Abeltzainak hasiak dira animaliak negurako bildutako bazkarekin elikatzen, mendira eta larrera eraman beharrean. «Gure lurraldean oinarritutako sektore baten alde egiten dugu», esan dute elkarretaratzean, eta exijitu diote Jaurlaritzari «muturreko egoerak» aurreikusiko dituen plan bat osatu dezala, neurri «eraginkor eta errealak» bilduko dituena.

EH Bildu eta PPren eskaera

Antzeko eskaera egin diote gaur EH Bilduk eta PPk Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrean: eskatu diote klima aldaketara egokitutako plan bat martxan jar dezala lehen sektorean, baita diru laguntzak baserritarrei ahalik eta azkarrena eman diezazkiela ere. «Klima aldaketa luzarorako iritsi da, eta beharrezkoak dira epe ertainerako eta luzerako egiturazko neurriak», adierazi du Mikel Diaz de Alda EH Bilduko legebiltzarkideak. Bi alderdi horien eskaerek ez dute aurrera egin; bai, ordea, EAJ eta PSE-EEk aurkeztutakoak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA