Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuek aurtengoen ildotik jarraituko dute

«Neurrian» haziko dira, baina «finantza egonkortasuna arriskuan jarri gabe», D'Anjou sailburuak azaldu duenez. Oposizioarekin hizketan hasteko borondatea agertu du.

Noel D'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, astearte honetan. IREKIA
Noel D'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, astearte honetan. IREKIA
jokin sagarzazu
2025eko ekainaren 10a
14:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Noel D'Anjouk lasai hitz egiten du, datorren urteko aurrekontuak onartzeko arazorik izango ez duela dakienaren segurtasunaz. Izan ere, aurrekontu egitasmoa aurkeztu aurretik negoziazioari ekingo diola iragarri du Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak; alegia, diru sail bakoitza nora edo zertara joango den zehaztu aurretik hasiko dela oposizioarekin hizketan. Jeltzaleek eta sozialistek Eusko Legebiltzarrean duten gehiengo osoan oinarritu da hori esateko. Iaz, hain justu, alderdi horiek soilik onartu zituzten Imanol Pradales lehendakariaren lehen aurrekontuak.

D'Anjouk aurreratu duenez, 2026ko aurrekontuetan ez da aldaketa handirik egongo. Ez gidalerroetan, ez kopuruetan. «Neurrian» haziko dira, baina «finantza egonkortasuna arriskuan jarri gabe». Sailburuak agerraldia egin du aurrekontu horien ardatz nagusiak azaltzeko. «Herritarren ongizatea eta hazkunde ekonomikoa uztartzea» izango dute helburu. Eta premisa bat: «Egungo egoerak zuhurtzia eskatzen du, baina baita erabaki estrategikoak hartzeko ausardia ere».

«Egungo egoerak zuhurtzia eskatzen du, baina baita erabaki estrategikoak hartzeko ausardia ere»

NOEL D'ANJOUEusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoetan oinarrituta egin ditu 2026ko aurrekontuen jarraibideak Ogasun eta Finantza Sailak. Apirileko argazki bera atera zaio. 2025ean BPGa %2,1 haziko dela uste du, eta 2026an, %1,8.

Enpleguari dagokionez, 2026an 12.000 lanpostu gehiago sortuko direla aurreikusten du, hau da, %1,2 gehiago. Eta langabezia tasa lau hamarren murriztuko dela 2025ean, %7raino, eta beste hiru hamarren 2026an. Kazetarien galderei erantzunez, aurreikuspen «zuhur eta egokiak» direla esan du D'Anjouk, eta egun nazioarteko ekonomian dauden ziurgabetasunak kontuan hartuta egin dituztela.

Aurrekontuak zergekin finantzatzen dira nagusiki, eta, aurtengo bilketari buruz galdetuta, adierazi du oraindik goiz dela urtea nola itxiko den jakiteko. Gobernuak apirilera arteko datuak ditu, eta, D'Anjouren hitzetan, «positiboak dira, norabide onean doaz». Irailean berrituko dituzte datu horiek, eta urrian Finantzen Euskal Kontseiluak urte amaierara begirako eta datorren urteko aurreikuspena egingo ditu, eta, horrekin batera, gastu mugak zehaztuko ditu. «Espero dugu aurrekontua neurrian haztea, funtsezko arloak indartzeko, gobernuaren finantza egonkortasuna arriskuan jarri gabe».

Finantzen Euskal Kontseiluaren ondorioak kontuan izanda, Jaurlaritzak lehen aurrekontu zirriborroa egingo du, urriaren 28an onartuko du gobernu kontseiluak, eta urriaren 31 baino lehen bidaliko du legebiltzarrera. Aurrekontuek aurrera egingo duten bermea du Jaurlaritzak, gobernuko alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— gehiengo osoa baitute. Dena den, D'Anjouk esan du prest daudela ahalik eta onespen handiena lortzeko, baina besteen esku utzi du hurrengo pausoa.

Pertsonak «lehentasun»

Gobernu kontseiluak gaur onartutako gidalerroetan ez da diru sailei buruzko xehetasunik azaltzen. D'Anjouk azaldu duenez, aurrekontu proiektuak bost ardatz izango ditu: «Pertsonen bizitza hobetzea, hazkunde ekonomikoa eta ongizatea bultzatzea, eraldaketa energetikoan eta jasangarritasunean aurrera egitea, elkarbizitza eredu sendo eta justua, eta autogobernua indartzea». «Helburua ekonomia indartsuagoa, lehiakorragoa eta inklusiboagoa bultzatzea izango da, inor atzean utzi gabe», azpimarratu du.

Aurreko urteetan bezala, Jaurlaritzak gizarte politiketan jarriko du diru gehiena. «Osasuna hobetzeko, kalitatezko enplegua sustatzeko, hezkuntza inklusiboa bermatzeko, etxebizitzarako sarbidea errazteko, segurtasuna hobetzeko eta gizarte zerbitzuak indartzeko».

Ekonomia arloan helburua «gizarte aberatsagoa eta berdinzaleagoa» lortzea izango dela nabarmendu du D'Anjouk. Eta aurrekontuetan «talentua erakartzeko, industria indartzeko eta berrikuntza babesteko» neurriak jasoko direla.

Gaineratu duenez, Jaurlaritzak «inbertsioen eta luzera begirako hazkundearen motor» izaten jarraituko du, «lankidetza publiko-pribatua bultzatzeko helburu irmoaz». Eta azpimarratu du «eskura dituen baliabide guztiak» aktibatuko dituela, besteak beste, «Kontzertu Ekonomikoak ematen dituen aukeretatik ahalik eta gehienak aprobetxatuz».

1.000 milioi euroko Zorra eta enpresentzako laguntzak

Duela aste batzuk, Eusko Legebiltzarrak aurtengo aurrekontua aldatzea onartu zuen, 1.000 milioi euroko zor gehigarria sartzeko. Oposizioak, baina, salatu du Jaurlaritzak oraindik ez duela zehaztu funts gehigarri hori zertarako erabiliko den, eta D'Anjouk, kazetariek galdetu diotenean, ez du xehetasunik eman: zein sektoretara joango den, zein enpresatara, nola banatuko den... Bihar Eusko Jaurlaritzaren industria planaren lehen aurkezpena egingo dela gogoratu du, eta ziurtatu du «uda amaieran» jakingo direla xehetasunak.

Enpresentzako laguntzei dagokienez, gobernu kontseiluak gaur onartu duen 450 milioi euroko laguntza lerroa aurkeztu du Ogasun sailburuak. Enpresentzako maileguak izango dira, AEBek ezarri asmo dituen muga zergen ondorioei aurre egiteko. Elkargik eta finantza erakunde nagusiek emango dituzte: enpresentzat, gehienez, 1,5 milioi eurokoak izango dira, eta autonomoentzat, berriz, 30.000 eurokoak. Mailegu horiek bost urteko amortizazio epea izango dute, eta gehienez bi urteko gabealdia. Momentuz, 100 milioi euro jarriko ditu, abenduaren 31 arte, eta ondoren ikusiko du beste 350 milioiekin zer egin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.