Aste honetan, 2027ko aurrekontuen egitasmoaren atal guztiak banan-banan aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta aurkezpen sorta horretan Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere iritsi zaio txanda. Sailak ia 273 milioi euroko aurrekontua izango du, aurreko urtean baino 5,7 milioi gehiago. Horrek esan nahi du %2,1 handiagoak izango direla aurrekontuak; baina igoeraren zenbatekoari baino gehiago, diru poltsa horien xedeari erreparatu dio Amaia Barredo sailburuak, eta nabarmendu du inbertsioek hartuko dutela zatirik garrantzitsuena.
«Bost eurotik lau sektorean eta lurraldean egin beharreko inbertsioetarako erabiliko dira. Ez dira administraziorako aurrekontuak, sektorerako baizik», azaldu du Barredok. Haren iritziz, «sendoa» da aurkeztutako egitasmoa, eta sailak bere buruari ezarritako lehentasunak kontuan hartzen ditu: inbertsioa, belaunaldien arteko erreleboa, berrikuntza, eta sektorearen eta lurraldearen beharrei erantzungo dieten zerbitzu eta azpiegiturak. «Gure helburua da lehen sektorean aritzen direnek arlo horretan jarraitzeko arrazoiak izan ditzaten, eta gazteek, berriz, lanean hasteko arrazoiak».
Elikadura eta landa garapena sustatzeko 204 milioi erabiliko dituzte. Diru gutxiago izango du arrantzaren arloak, baina hark izango du igoerarik handiena: 61 milioi gorde dituzte horretarako, aurreko urtean baino %10,8 gehiago. Diru horrekin, arrantzako flota gaurkotzea, zerbitzuz hornitzea eta berrikuntza sustatzea izango dituzte eginkizun.
«Gure helburua da lehen sektorean aritzen direnek arlo horretan jarraitzeko arrazoiak izan ditzaten, eta gazteek, berriz, lanean hasteko arrazoiak»
AMAIA BARREDO Nekazaritza sailburua
Portuetan egin beharreko hobekuntzetarako hemeretzi milioi euro inguru erabiliko dituzte, «portu seguruagoak eta klima aldaketari hobeto egokituak» lortzeko xedez. Mutrikun (Gipuzkoa) eta Elantxoben (Bizkaia) egingo dituzte lanik esanguratsuenak, baina Ondarroan (Bizkaia), Donostian, Zumaian eta Deban ere (Gipuzkoa) egingo dituzte hobekuntzak.
4Zenbat milioi euro jarriko dituzten Drinks & Wine Campus ikastegirako. Lau milioi euro erabiliko dituzte; zentro horrek Gasteizen eta Guardian (Araba) izango ditu egoitzak, lanak oso aurreratuta daude, eta asmoa da luze gabe «ardoaren arloan erreferentzia bilakatzea prestakuntzari, ikerketari eta jakintzaren transferentziari dagokienez». Ondarroan eta Bermeon eraiki nahi dituzten izotz fabrikak ere ageri dira aurrekontuetan: 4,5 milioi euro gorde dute horretarako. Busturialdean, hiru milioi erabiliko dituzte 2027tik 2029ra bitartean nekazaritza sustatzeko, eta, besteak beste, hor sartuko dira Gernikako azoka berritzeko lanak.
Oposizioaren zalantzak
Gobernua babesten duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, txalotu egin dituzte Barredok emandako azalpenak. Susana Corcuera sozialistak eta Ander Añibarro jeltzaleak aurrekontuen dohainak goraipatu dituzte, eta biek ala biek iragarri dute babesa emango dietela.
Baina oposizioak zalantza gehiago agertu ditu. PPko Ana Moralesek esan du aurrekontuen egitasmoa «grisa, pobrea eta proiektu estrategikorik gabekoa» dela, eta zalantzan jarri du Barredok iragarritako igoera: «Aurrekontuek %2,1eko igoera badute, eta inflazioa %5 ingurukoa bada, igoera ez da benetakoa». Ildo beretik jo du EH Bilduko Naiara Fernandezek, eta gogorarazi orain indarrean dagoen aurrekontuak %2,6ko murrizketa izan zuela aurreko urtearekin alderatuta: «Oraingo igoera ez da nahikoa galdutakoa berreskuratzeko».
Aurten, lehorteak gogor jo du landa eremua, eta abeltzainak ataka estuan jarri ditu, baina aurrekontuetan ez dago horren inguruko diru poltsarik. Horretaz galdetu diote Barredori, eta hark erantzun du datorren urtean zer gertatuko den jakin gabe ezinezkoa dela horretarako baliabideak gordetzea. Aurrekontuetan bazka gordetzeko azpiegiturak edo ureztatze laborea sustatzeko neurriak aurreikusi ote dituen ere galdetu diote, eta horri erantzun dio ureztatzea Espainiako Gobernuaren eskumena dela, eta nekazaritza azpiegiturak, berriz, foru aldundiena. «Gure lan ildoa, batez ere, berrikuntza, teknologia eta digitalizazioa sustatzea da, arazo hori konpontzeko egiturazko neurriak behar baitira».