Lan isila egiten du Intia Nafarroako sozietate publikoak, baina sektoreak ondo ezagutzen du haren jarduna. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren esparruetako esperimentazioa lantzen dute, eta jakintza hori lehen sektoreko eragileen artean zabaltzen dute. Sei urte daramatza Natalia Bellostasek (Iruñea, 1977) Intiako zuzendari.
Uda eta udazken hasiera beroak eta lehorrak izan dira. Nola eragiten ari zaio hori laborantzari?
Hainbat urtez esaten ari gara larrialdi klimatikoa hemen dagoela. 2022an eta 2023an, bi urtez lehortea egon zen. Euri defizitak eta gauez zein egunez bero handiegia egiteak asko eragiten die laboreei. Landatzeko zikloak bizkortzen dira, hainbat laborek heltzeko arazoak dituzte... Adibidez, mahats bilketa hamabost egun baino gehiago aurreratu da, eta, tomatearen loratze garaian, 23 gradutik gorako egun kopurua asko handitu da. Larreei ere nabarmen eragin die, eta, ondorioz, asko murriztu zaizkie bazkan aritzeko egunak abeltzaintza estentsiboko abereei. Larrialdi klimatikoa hemen dago, eta egokitzeko moduak bilatu behar dira.
Klima larrialdia ukatzen duten mezu negazionistak ugaritzen ari dira. Kezkatzen zaitu horrek?
Iritzi publikoak ez nau kezkatzen. Ni kezkatzen nau Nafarroan elikagaiak ekoizteko gai izango ote garen eta landa eremua bizirik izango ote den. Egokitu egin behar dugu, nahitaez.
Nafarroan Life Nadapta programa jorratzen ari zarete. Nola dago egokituta larrialdi klimatikorako?
Zenbait sozietate publiko ari gara lanean. Guk denbora asko daramagu zereal eta lekale aldaerekin lanean klima larrialdira nola egokitu daitezkeen ikusteko. Nafarroako eremu bakoitzean zenbait aldaera aztertu ditugu klima lehorrago batean nola ariko diren ikusteko.
Zoruek zer garrantzi dute?
Gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira. Europako Batasunean araudi bat onartu berri da zoruak monitorizatzeko. Araudiak zorua babestu nahi du erosiotik eta beste arrisku batzuetatik.
Lehorteek eta euriteek nola honda dezakete zorua?
Lehorteak zorua hondatzen du, eta, behin lurra lehor dagoela, euri erauntsiek eraman egiten dute. Konponbide posibleetako bat landare estalkiak dira, urte osoan estaltzen baitu zorua eta hezetasunari eusten baitio. Beste aukera bat lurra ez goldatzea da, bidea ematen baitu zoruan karbono gehiago metatzeko. Ziklo onuragarri bat da: erosioa apaltzen da, laboreei begira nutriente gehiago egotea errazten du... Datozen urteetan, zorua laborantza politiken erdigunean egongo da.
«Gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari da zorua. Datozen urteetan, laborantza politiken erdigunean egongo da»
Eta ura? Ur gutxiago erabiliz laborantza eraginkorrago bat egin al daiteke?
Alde batetik, ureztatze sistemak modernizatu behar dira ura modu eraginkorragoan erabiltzeko. Bestetik, zoruaren hezetasuna neurtzeko sentsoreak erabil daitezke. Hemen auzia da hainbeste ur erabili behar izan gabe laborea behar den guztia estresatu daitekeela hazten jarraitu dezan. Lurraren hezetasunarekin joka daiteke, eta %15-20 ur gutxiago kontsumituz errendimendu bera lortu. Tokiaren, laborearen edo zonaren arabera, asko alda daiteke hori.
Intiak esperimentazioa lantzen du. Zertan datza?
Abeltzaintzan eta nekazaritzan 11 etxalde ditugu guztira.
Abeltzaintzan zer egiten duzue zehazki?
Laborantzan baino konplexuagoa da, izaki bizidunekin lan egin behar delako. Sabaitzan [Ezporogi udalerria], desagertzeko arriskuan den nafar pottoka talde bat dugu. Oskotzen, latxa ahariak ditugu artaldeen genetika eta produkzioa hobetzeko. Abeltzaintza estentsiboan lanean ari gara lurraldearen gestioari loturik: aztertu nahi dugu abeltzainek nola lagun diezaieketen udalei eta tokiko erakundeei sutearen prebentzioan.
Zer egin dezakete?
Landa Garapeneko Departamentuarekin batera lan ildo interesgarri bat lantzen ari gara: identifikatu zer eremuk duten sute arriskua, eta inguru horretan abereak bazkan aritzeko planak garatu. Adibidez, Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean ari gara ardiak, behorrak eta batzuetan behiak Ezkaban sar daitezen eta modu naturalean ingurunean sastrakak kendu.

Laborantzan zehazki zer egiten duzue?
Hainbat etxalde ditugu, eta zereal eta lekaleekin entseguak egiten ditugu. Dena den, normalean urtebete ez da aski. Gutxienez hiru urte behar ditugu. Gainera, eremua ere aintzat hartu behar da. Merkatuan gari aldaera asko daude, eta ez da gauza bera aldaera batek Iruñerrian nola erantzuten duen edo Cabanillasen. Gainera, laborariek urtetik urtera konponbideak behar dituzte, baina gero luzarorako estrategiak ere behar dituzte. Europatik etorkizunean fitosanitario gutxiago erabiltzea eskatzekoak badira, ikusi beharko da zer estrategia landu izurriteei eta belar txarrei aurre egiteko.
Nola zabaltzen duzue laborarien artean ezagutza hori?
Esperimentazioa eta aholkularitza egiten duen erakunde bakarra gara. Europako Batasunean gure antzeko beste erakunde bat dago, Teagasc Irlandako Nekazaritza eta Elikaduraren Garapenerako Agintaritza nazionala. Beste tokietan, aholkularitza hori komertziala da. Gure aholkularitza, berriz, inpartziala da. Guk inoiz ez diogu laborari bati esango «bota fitosanitario hori» edo «halako ongarria erabili». Erakunde publiko bat gara; guk ez dugu saltzen. Nahi dugu haiek aurreztea eta beharraren arabera egokitutako estrategia bat izatea.
Eta nola hartzen dute laborariek zuen lan hori?
Gure teknikariak laborariengandik oso gertu daude. Baloratzen dute gure lana. Berrogei urtez maiz egon gara abeltzainen sukaldeetan, eta kostu egitura aztertu dugu: zenbat kostatzen den esne litro bat ekoiztea edo haragi kiloa. Saiatzen gara norberaren datuen arabera ikusten nola aurreztu. Orain, laborantzan ere behar hori dutela ikusten ari gara.
«Abeltzainen sukaldeetan egon gara, eta aztertu dugu zenbat kostatzen den esne litroa ekoiztea, edo haragi kiloa»
Belaunaldi erreleboa da sektorearen erronketako bat. Alor horretan zer lan egiten duzue?
Sektorean 130 gazte sartu dira azken urteetan, eta guk 95 gazteri lagundu diegu. Prozesu guztia haiekin batera egiten dugu. Bideragarritasun planarekin laguntzen diegu ikusteko zer lur azalera duten, zer labore ereingo duten, zenbat abelburu izango dituzten... Gero, bi urtez tutoretza moduko bat egiten dugu.
Eta zer gertatzen da sektorean sartu nahi baina lurrik ez dutenekin?
Guk beti jorratu dugu arlo hori, inork halakorik egiteko eskatu gabe. Norbait erretiroa hartzear zegoela genekienean, ustiategia gal ez zedin gazte bat bilatzen genuen, eta zaharrak gazteari laguntzeko bidea ere egiten genuen. Konplikatua da. Modu informal batean egiten genuen hori, baina orain, Lurberri programaren bidez, lantaldea handitu egin da, eta orain hamahiru errelebo bultzatu ditugu. Guztia aztertzen dugu.