Kutxabankeko bezeroek ere Bizum bidez ordaindu ahal izango dute aurrerantzean saltoki fisikoetan. Izan ere, bankuak gaur iragarri du aktibatu duela ordainketa sistema hori, eta, beraz, erabiltzaileek zuzenean ordaindu ahal izango dituzte beren erosketak Bizum Pay bidez. NFC teknologiaren baliatuz egingo dira ordainketak, eta mugikorra ordainketa terminalera hurbildu besterik ez du egin beharko bezeroak saltzaileari ordaintzeko.
Ordainketa sistema berriak mugikorreko beste wallet batzuen antzera funtzionatuko du, baina badu berezitasun bat: dirua bezeroaren bankuko kontutik saltokiaren kontura transferitzen da zuzenean, SEPA Europako berehalako transferentzien sistemaren bidez.
Maiatzaren 18an aurkeztu zuen aukera hori Bizumek, bankuek ordainketa digitaletarako sistema propioa izan dezaten. Visa edo Mastercard bezalako enpresengan bankuek duten menpekotasuna murrizteko sortu zuen; eta ordutik, hainbat finantza erakundek aktibatu dute, tartean Laboral Kutxak eta Caixabankek.
Egokitzapenak
Kutxabankeko bezeroek bi bide izango dituzte sistema berria erabili ahal izateko. Android gailuak dituztenek Kutxabank App-aren bidez aktibatu ahal izango dute, Ordainketa mugikorra atalean Bizum gehituta. Bigarren aukera Bizum Pay aplikazioa da, Android eta iOS gailuetarako eskuragarri dagoena.
Kutxabanken terminalak dituzten saltokiek, berriz, ez dute egokitzapenik egin beharko ordainketa sistema berria onartzeko. Izan ere, bankuak jakinarazi du bezero diren establezimenduetako ordainketa terminalak automatikoki eguneratzen ari dela, «zerbitzua ezartzea errazteko».
Bestalde, Kutxabankek azaldu du ordainketa sistema hori adingabeentzat ere egongo dela erabilgarri, «legezko ordezkarien kontrolpean».