Dendetan, betiko Bizum oraindik ere

Maiatzean sartu zen indarrean Bizum Pay, sakelakotik sakelakora ordainketak egiteko sistema saltokietan barneratzeko asmoz; mantso doa bidea, baina.

Bankuen Bizum aplikazioak, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bankuen Bizum aplikazioak, artxiboko irudi batean. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2026ko irailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Batek ordaindu dezala dena, eta gero zazpi zatitan banatuko dugu»: kontua heltzerakoan, mahai inguruan entzuten da maiz halakorik. Eta, «nik ordainduko dut, baina gero ez ahaztu bizum-a», izaten da erantzuna. Sakelakotik sakelakora ordainketak egiteko sistema egunerokoan txertatu da, eta lagun arteko gastuak partekatzekoa da erabilerarik ohikoena, baina bestelakoak ere baditu. Arrandegian, okindegian, mertzerian eta tatuaje estudioan, besteak beste, Bizum ordainketa aukera gisa aurkezten da.

Eta are gehiago hedatzea du helburu sistemak. Izan ere, maiatzaren 18an Bizum Pay jarri zuten martxan, zeinari esker erosketak aplikazioaren bidez ordaintzeko aukera izango duten erabiltzaileek Hego Euskal Herriko denda batzuetan. Eta, mantso bada ere, aurrera doa. Jon Zarate Bilbaodendak-eko zuzendariak eman du datua: «Euskadin merkataritza sektorearen %17k du txertaturik». Nabarmendu du, baina, saltoki denek ezin dutela oraindik sistema ezarri, «bankuek beren teknologia moldatu» behar baitute. Esaterako, Laboral Kutxak iragarri berri du teknologia hori indarrean sartzen hasiko dela saltokietan: «Dendetan segurtasunez, eroso eta komisiorik gabe ordaindu ahalko da».

Zarateren ustez, «egunerokoan erabiltzen den Bizum horren aldaera bat» da dendetara bideratu dutena. Eguneroko Bizum hori, halere, jada txertaturik dago zenbait saltokitan. «Nik harategian erabili ohi dut», esan du Joseba Mirandak. Bilbon bizi da Miranda, eta, lagunekin «botea jartzeko» erabiltzeaz gain, zenbait dendatan erabili izan du Bizum. «Baina betiko sistema; Bizum Pay ez dut inoiz erabili», argitu du sistema berriaren inguruan galdetutakoan.

«Bankuen eta enpresaren arteko zerbait da: ez dago bitartekaririk; Visa, esaterako. Horregatik, uste dugu merkeagoa izan daitekeela»

JON ZARATE Bilbaodendak-eko zuzendaria

Lidia Hoyosek ere «asko» erabiltzen du sistema; lanean, hain zuzen. Psikologoa da Hoyos, eta, azaldu duenez, paziente askorentzat «erosoagoa» da sakelakoarekin «azkar eta erraz» ordaindu ahal izatea.

Erosotasun horretan dago gakoa, Zarateren ustez: «Era pribatu batean erabiltzera ohituta gaude. Oso erraza eta erosoa da. Esperientzia hori merkataritzaren mundura eraman nahi dute». Mirandak, hala ere, ez du argi erosotasun hori benetakoa ote den: «Sakelakoaren arabera, aplikaziora sartzeko aurpegia irakurri behar dizu, pasahitza sartu, eta gero mezu bat jaso ordainketa egin ahal izateko. Batzuetan askoz azkarragoa da txartelarekin ordaintzea».

Baina zergatik erabiltzen dute kontsumitzaile batzuek gero eta gehiago Bizum? Andrea Ortizek argi du: «Gero eta gutxiago erabiltzen dugu eskudirua. Adibidez, nik normalean ez dut soinean, eta zenbait saltokitan ez dute datafonorik». Bilbon erabili du bereziki Ortizek sistema, eta nabarmendu «betiko bidetik» egin duela: «Gero eta leku gehiagotan ikusi dut Bizum Pay erabiltzeko aukera dagoela, baina oraindik ez dut proba egin»

Zorroztasuna, «nahitaezko»

Sistema berria gabe ibiltzeak, ostera, «zorroztasun handiz» jardutea eskatzen duela adierazi du Hoyosek. Psikologoak azaldu duenez, Bizum bidez ordaindutako dena gero Ticket Bai sistemaren bitartez erregistratu behar da, salerosketa horren informazioa gordeta gera dadin. «Oso zintzoa izan behar duzu erabiltzeko. Norbait lau aldiz etorri bada astean, ba, laurak ondo sartu behar dituzu Ticket Bain», nabarmendu du.

«Oso zintzoa izan behar duzu Bizum erabiltzeko. Norbait lau aldiz etorri bada astean, ba, laurak ondo sartu behar dituzu Ticket Bain»

LIDIA HOYOS Psikologoa

Eta bankuek sortu duten sistema berriak egon daitezkeen zirrikitu horiek ixteko balio dezakeela uste du. Hala ere, erabilera «benetan» zabaltzea komisioaren araberakoa izango da. Hala azpimarratu du Zaratek, eta horrela izatea espero du: «Bankuen eta enpresaren arteko zerbait da: ez dago bitartekaririk; Visa, esaterako. Horregatik, uste dugu merkeagoa izan daitekeela». Bide beretik jo dute galdetutako gehienek, eta «aukera ontzat» daukate erabakia.

Miranda, ordea, ez dago hain ziur: «Uste dut arrakala bat izan daitekeela orain arte kobratzen ez ziren komisioak kobratzen hasteko». Erabiltzaileentzat, behintzat, gainkosturik ez du izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA