Donostiako Ibermatica ohiaren erabakigunea atzera Euskal Herrira ekartzeko operazio garrantzitsuak martxan segitzen du, eta informatika alorreko erraldoiaren erosketa hil honetan bertan itxiko dute notarioaren aurrean, baina Kutxa Fundazioa ez da egongo erosleen artean. Abenduan jakinarazi zuten euskal partzuergo bat Ayesaren atal teknologikoa erosteko ahaleginean ari zela. Egoitza nagusia Miramonen du konpainiak, eta erosleen zerrenda hau da: Indar (Kutxabank), BBK fundazioa, Finkatuz (Eusko Jaurlaritza) eta Bilboko Teknei konpainia.
Kutxak, Gipuzkoako fundazioa izanda ere, urte hasieran iragarri zuen uko egingo ziola erosketa horretan parte hartzeari. Argudiatu zuen eskatutako txosten teknikoak ez duela gomendatzen operazio horretan sartzea. Nolanahi ere, patronatuan eztabaida bizia egon zen, baina EAJko eta Ahal Dugu-ko ordezkarien botoei esker ezetzaren aldeko hautua gailendu zen, EH Bilduko eta PSE-EEko ordezkarien nahiaren aurka.
Euskal kapitalarekin Ayesa erosi ondoren, haren egoitza Donostiatik lekualdatuko ote zen ere zabaldu zen, kontuan hartuta Bizkaian dagoela erosleen ahalegin handiena. Harik eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek egoitza nagusia Donostian geratuko zela argitu zuen arte, Eusko Legebiltzarrean. Gerora, EAJko presidente Aitor Estebanek esan zuen egoitza nagusia Donostian egonda ere atal batzuk beste euskal lurralde batzuetara eraman zitezkeela, aintzat hartuta erosleen jatorria.
Batera edo bestera, Kutxa fundazioak ez du aldatu bere hasierako erabakia, eta, askorentzat, ezuste txiki bat izan daiteke jarrera hori. Izan ere, EAJko buru Estebanek zuzenean eskatu zion GBBri Ayesaren operazioan sartzeko. Pradales lehendakariak berak ere eskaera hori egin zion EAJren Gipuzkoako adarrari. Ordutik, irekita zegoen Kutxak ezezko jarrera aldatu eta Donostiako konpainiaren erosketan parte hartzeko aukera.
480 milioi euroko operazioa
Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik gaur jakinarazi duenez, azkenerako, Kutxak eutsi egin dio ezezkoari, Estebanen eta Pradalesen eskaera zuzenei muzin eginda. Jauregik erantsi du hil honetan bertan itxiko dutela operazioa, eta Kutxa, operazioa «aztertu» duen arren, ez dela notarioaren aurrean egongo.
Euskal partzuergoak lehentasunez negoziatzeko eskubidea adostu zuen iazko hondarrean, Ayesa Digitalen aurreko jabeekin: A&M Capital Europe funtsarekin eta Manzanares familiarekin. Erosketa 480 milioi euro ingurukoa da. Ayesak 11.000 langiletik gora ditu mundu osoan, 2.000 baino gehiago Euskal Herrian, eta iaz 569 milioi euroren salmentak egin zituen. 2022tik, hau da, A&Ck erosi zuenetik, fakturazioa hiru halakotu egin da. Euskal Herritik kanpo, Espainian, Erresuma Batuan, AEBetan, Mexikon, Kolonbian, Perun eta Txilen du negozioa Ayesak.