LABek dio Eusko Jaurlaritzaren industria politikak «180 graduko aldaketa» behar duela

Sindikatuak «krisi ekosozialari» aurre egiteko proposamen bat aurkeztu du, langileei kalte egin gabe industria moldatzeko. Jaurlaritzaren plana gogor kritikatu du: «Diru publiko gehiago eta betebehar gutxiago enpresentzat».

Igor Arroyo eta Kris Gete, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Igor Arroyo eta Kris Gete, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
2025eko ekainaren 23a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

LABek uste du «krisi ekosozial bat» dagoela, eta beharrezkoa dela industria kutsatzaileak moldatzea eta deskarbonizatzea. Baina hori langileei kalte gabe egin gabe egin behar dela deritzo. Sindikatuak «trantsizio ekosozialerako industria politika garatzeko proposamena» aurkeztu du gaur, Bilbon, eta zuzenean jo du Eusko Jaurlaritzaren industria planaren aurka —hark iragarri du 15.900 milioi euroko inbertsioa egingo duela hainbat proiektu «eraldatzailetan»—. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak honela laburbildu ditu gobernuaren asmoak: «Diru publiko gehiago eta betebehar gutxiago enpresentzat». LABen iritziz, baina, horrek ez ditu bermatzen ez trantsizio ekosoziala, ez enplegua.

Arroyok esplikatu du gaur egungo industria politika «diru laguntzak, zerga jaitsierak, eskariaren estimuluak eta finantzaketa eskuratzeko pizgarriak aplikatzera» mugatzen dela. Gainera, uste du diru publikoa batez ere enpresa multinazional handietara iristen dela azkenean, nahiz eta industriako enplegu gehiena enpresa txiki eta ertainetan dagoen, eta, hori ikusita, «180 graduko aldaketa» behar dela nabarmendu du. «Gure lurraldearen behar sozialei erantzungo dien, ekologikoki jasangarria izango den eta, aldi berean, langileen enplegurako eskubidea bermatuko duen industria politika bat garatu behar dugu».

Dena den, onartu du industriaren deskarbonizazioak inbertsio produktibo masiboak behar dituela, eta iritzi dio merkatuak, lehiak eta gero eta mozkin gehiago banatu behar izateak trantsizioa geldiarazten dutela. «Eredua hori den bitartean, emisioen murrizketa atzeratu egingo da, eta enpleguaren prekarizazioa areagotuko da».

Hori jakinda, LABek «bizitza kapitalaren gainetik» jarri behar dela aldarrikatu du, eta «sistema kapitalista heteropatriarkal, arrazista eta biozida gainditzeko» proposamen sorta bat egin du, zazpi ataletan zatituta.

1

Industria trantsiziorako plangintzak

Enpresen plan estrategikoak negoziazio kolektiboaren menpe jartzea nahi du, eta, hortaz, enpresa batzordeetan eztabaidatzea eta bozkatzea, eta batzordeek horri buruzko beto ahalmena izatea.

2

Diru publikoaren erabilera

LABen arabera, energia trantsiziorako jarritako diru publikoa ezin da mugatu ekimen pribatua laguntzera. Uste duenez, erakundeek zuzenean inplikatu behar dute jabetza publikoko proiektuen garapenean, eta krisian dauden enpresa industrialak erosi behar dituzte. Gainera, dirua jasotzen duten enpresek derrigortuta egon beharko lukete hamar urtez ez ixtera eta inor ez kanporatzera. «Itxierak, kaleratzeak edo murrizketak egin dituzten enpresek laguntza publikoen lehiaketetatik kanpo geratu behar dute, eta diru laguntzak jaso badituzte, itzuli egin behar dituzte».

3

Deskarbonizazio planak

Ehun langile baino gehiago dituzten enpresa guztiek deskarbonizazio industrialerako plan bat izateko eskatu du LABek, langileen ordezkariekin adostutakoa.

4

Etekinak, deskarbonizaziorako

LABen arabera, «milioi askoko irabaziak» dituzten industria enpresek beren etekinak erabili behar dituzte deskarbonizazioak eta trantsizio energetikoak eskatzen duten inbertsio produktiborako.

5

Lan baldintza hobeak

Trantsizio ekosoziala eta lan baldintzak hobetzea konbinatzeko, LABek uste du beharrezkoa dela lanaldia murriztea, lan baldintzak eta soldatak murriztu gabe. «30 orduko lan asterantz jo behar da, lan karga birbanatzeko, enplegua eta zaintza lanak banatzeko eta eraldaketak arintzeko».

Hori egin ahal izateko, sektoreko hitzarmen propioak sustatzea, migratzaileak erregularizatzeko haiek kontratatu ahal izatea, eta aldi baterako enplegu enpresetan aritzen direnak subrogatzea proposatu du LABek, besteak beste.

6

Langileen trebakuntza

Nahitaez, enpresek produkzio segmentu berrietan prestakuntza eskaini behar diete beren langileei. Hori egiteko hiru bide proposatu ditu LABek. Lehenik, eskualdeetan trantsizio ekosozial justurako batzordeak sortzea, eta horietan lekua egitea sindikatuei, administrazioari eta «gizarte zibilari». Haien esku jarriko litzateke lan sektoreen eraldaketa ekosozialerako proposamenak definitzea eta lan gatazka zehatzetan bitartekaritza egitea.

Bigarrenik, LABek uste du erakunde publikoen ardura dela aztertzea zer ondorio izango dituen Euskal Herriko industriaren eraldaketak gizartean eta lanean.

Hirugarrenik, jarduera apaldu edo enpresa itxi nahi duten enpresetan berrindustrializazio mahaiak sortzea «nahitaezkoa» izatea nahi du LABek. Horien esku egongo litzateke proposamenak egitea ekoizpenari eta enpleguari eutsi ahal izateko.

7

Deslokalizazioen arloko legeria indartzea

Deslokalizazioak egiten dituzten enpresek jasotako laguntza publikoak itzultzera behartzeko legedia estutzea proposatu LABek. Laguntza publikoak jaso ondoren enplegua suntsitzen edo okertzen duten enpresak zigortzeko ahalmena izan beharko lukete erakunde publikoek, haren ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.