Sindikatuak

LABen afiliazioa %4 igo da, gazteen artean gehien

LABen helburua da «epe ertainean» Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua izatea. «Borroka molde berrien» beharra aztertuko dute martxoaren 26an Gasteizen egingo duten Biltzar Arteko Batzarrean.

Izaskun Garcia LABeko Antolaketa idazkaria eta Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, astearte honetan Bilbon eginiko agerraldian. LAB
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 25a
12:41
Entzun

2019. urtea «oso ona» izan da LABentzat, afiliazioaren bilakaerari dagokionez behintzat. Urtean izandako altak eta bajak kontuan hartuta, 1.658 kide gehiago batu zituen; 2018ko datuekin alderatuta, %3,96 igoera. Egun, 43.547 afiliatu ditu. Sindikatuko kideek iaz azpimarratu zutenez, azken 24 urteetan Hego Euskal Herrian gehien hazi den sindikatua da.

Bat egitea erabaki dutenen artean, emakumeak gehiago dira: 841 andre eta 832 gizon. Adinari dagokionez, 2019an 18-30 urte bitartekoek bat egin zuten gehien: 1.153 kide berri. Afiliazio berri guztien % 69,5. Afiliatu gehienek, baina, 35-65 urte bitartean dituzte.

Eskualdeka, Ipar Euskal Herrian izan ezik —%5,43 behera, 29 kide gutxiago—, beste guztietan egin du gora afiliazioak. Nafarroako Erriberan eta Erdialdean izan du igoera handiena ehunekoetan: %10,53 —161 kide berri—. Afiliatu kopuruan, berriz, Gasteizen eta Arabako Errioxan: 343 afiliatu gehiago. Igoerarik txikiena izan du Urola Kostan eta Debagoienean —ez da %1era iristen— Iruñerrian eta Pirinioetan ditu kide gehien: 5.289.

«Bide onetik goazela ikusten dugu, LABen proiektuarekiko atxikimendu geroz eta zabalagoa delako langileen artean», azpimarratu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak.

Hauteskunde sindikaletako emaitzak ere nabarmendu dituzte LABeko kideek. Sindikatuak 5.797 boto gehiago eskuratu zituen iaz —73.220, guztira—. Egun, %18,93ko babesa dauka Hego Euskal Herrian, eta bigarren indarretik —CCOOtik (%19,92)— gertuago dago, puntu batera; lehen indarrak, ELAk, botoen %36,45 lortu zituen.

LABen helburua da «epe ertainean» Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua izatea. «EAEn gure bigarren postua jada kontsolidatu egin dugu; oraingo erronka %20aren ordezkaritza mailara iristea da, eta Araban hirugarren postua lortzea —28 delegaturen aldea dago UGT eta LABen artean—. Nafarroan ia %17ra heldu gara —bigarrenak, ELAk, %22 dauka—».

Borroka molde berriak

Datu horiek eta aurrera begirako erronkak aztertuko dituzte sindikatuko kideek, martxoaren 26an Gasteizen egingo duten Biltzar Arteko Batzarrean. «Inoiz baino indartsuago» bilduko dira, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Izaskun Garcia Antolaketa idazkariak batzarra aurkezteko eginiko agerraldian azpimarratu dutenez. Lehen aldiz egingo du gisa horretako batzar bat, eta 2017ko 9. Biltzar Nagusitik honako balantzea eta aurrera begirako erronkak landuko dituzte.

Han, aurrera begira «borroka molde berriak» sustatzeko beharra nabarmenduko dute LABeko buruzagiek. «Ofentsibara egindako greba orokor batetik gatoz, eta horrek indarra ematen ditugu borroka sindikal berriak irekitzeko prekaritatearen aurka eta soldata eta bizi baldintza duinen alde».

Horrekin batera, LABek «sindikalismo feminista bateranzko trantsizioarekin» jarraitzeko helburua jarri dio bere buruari eta ekosozialismoan eta «klase subjektuaren berrosaketan» urratsak egitekoa.

Programa sozioekonomiko bat osatu eta aurkezteko xedea du, halaber, eta herri burujabetzaren bidea defendatzen jarraitzekoa, otsailaren 5ean, Bilbon, ELArekin eta Kataluniako eta Galiziazko CSC eta CIG sindikatuekin batera aurkeztutako agendaren ildotik. «[Espainiako] Estatuan ireki den fase politiko berriaren aurrean, gobernuaren eta EAJren apustua da egungo erregimena mantentzea. [Gernikako] Estatutua 40 urtez bete gabe egon ondoren, ezin da garaipen moduan hartu transferentziak akordatu izana», salatu du Aranburuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.