Datuak inportanteak dira gutxieneko soldatari buruzko eztabaidan. Soldata horren zenbatekoa ez ezik, oso garrantzitsua da soldata horrek eragingo dien langileen kopurua ere. Hala erakutsi du Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak asteburu honetan BERRIAn: gutxieneko soldata propio bat lortzeko greba gutxietsi du, esanez langileen %3ri soilik eragiten dion kontu batengatik ezin dela greba orokor bat egin. Baina sindikatu deitzaileek beste datu batzuk darabiltzate. LABek, esaterako, ziurtatu du soldata horren muga 1.500 eurora igotzeak Hego Euskal Herriko bost langiletik bati egingo liokeela mesede.
Kopuru hori azaltzen da LABen Ipar Hegoa fundazioak eta EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasle batzuek landutako azterketan. Gaur aurkeztu dute, Bilbon, Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile orokorrak eta Jagoba Zulueta Ipar Hegoako arduradunak. Zehazki, txostenak esaten du 2024ko abenduan gutxienez 239.535 pertsonak zutela 1.500 euroren soldata gordina baino txikiagoa. Hau da, langileen %21,55ek.
Azterketa horretan, Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean daudenak —soldatapeko langileak, oro har— eta etxeko langileak hartu ditu kontuan LABek, zailagoa baita autonomoen eta nekazarien errenta errealak neurtzea.
Emakumeak, migranteak eta gazteak
Soldata apalekoen artean gehiengo zabala dira emakumeak, hirutik bi alegia. Edo, beste modu batera esanda, emakume langileen %28,7k eskuratzen dute 1.500 eurotik beherako soldata; gizonezkoen artean, %14,3 dira.
Hego Euskal Herritik kanpoan jaiotakoei ere gehiago eragiten die arazo horrek —bitik batek irabazten ditu 1.500 euro baino gutxiago—, baina baita gazteei ere —hirutik batek—.
Hego Euskal Herriarentzat gutxieneko soldata propioa eskatzeko beste argudio bat eman du Ipar Hegoa fundazioaren txostenak: Espainian ez bezala, soldatek pisua galtzen jarraitzen dutela barne produktu gordinean. Hau da, azken urteetan SMIan izan diren hobekuntzen bidez lortu dela Espainian soldata apalenak igotzea eta hartara langileen irabaziek ekonomian duten partea handitzea. Alemanian eta Frantzian ere igo da soldaten pisua, baina Hego Euskal Herrian, ordea, ez da halakorik gertatzen ari.
%46Zenbat handitu diren enpresen mozkinak 2014tik 2023ra. 2021etik 2023ra, Hego Euskal Herriko industrian, enpresen irabaziak %46,5 handitu ziren, eta soldatak, berriz, %16,7. Urte bakarrean soilik handitu ziren gehiago soldatak: 2020an, itxialdiaren eraginez.
LABek gogorarazi du berak 1.628 euroren gutxieneko soldata proposatu zuela, hori delako Hego Euskal Herrian lanaldi osoko batez besteko soldataren %60, eta kopuru hori delako, hain zuzen, Europako Gutun Sozialak eta Europako zuzentarauek hobesten dutena. Baina, gero, gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen duten beste sindikatuekin 1.500 euroren gutxieneko saria eskatzea onartu zuen, hamalau ordainketatan banatuta.
1.500 euroren gutxieneko soldata propioa eskatzeko greba deialdia egin dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE-Etxalde sindikatuek martxoaren 17rako. Aranburuk protesta horrekin bat egiteko eskatu du. Haren iritziz, «euskal langileek argi hitz egitea» garrantzitsua da gutxieneko soldata propio bat ezartzeko eskuduntzak lortze aldera. Azken urteetan Espainiako Gobernuak lan harremanak «zentralizatzeko» joera izan duela deitoratu du, eta horrek «beheranzko uniformizazioa, eta soldaten eta lan baldintzen prekarizazioa» dakarrela.