Laboral Kutxak 305 milioi irabazi zituen 2025ean

Horniduren jaitsierak konpentsatu egin du interes tasen apaltzea.

Laboral Kutxaren bulego bat. LABORAL KUTXA
Laboral Kutxaren bulego bat. LABORAL KUTXA
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 24a
10:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Interes tasen jaitsierari bere historiako emaitzarik onenekin erantzun dio Laboral Kutxak. Mondragon taldearen kreditu kooperatibak 305 milioi euro irabazi zituen 2025ean, aurreko urtean baino %11,2 gehiago. 

Hein batean, horniduretarako diru gutxiago baliatzeagatik handitu dira mozkinak. Laboral Kutxak 59,5 milioi baztertu ditu kreditu ustelak estaltzeko, 2024koan jarritakoaren ia erdia. Horrela konpentsatu du diruaren prezioa apaltzearen ondorioz interesen marjina txikitu izana (-%10,5).

Berez, Laboral Kutxak aurreko urteetan baino mailegu gehiago eman ditu, Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsi izanak maileguak eskatzera bultzatu baititu herritar eta enpresa asko. Zehazki, urtearen amaieran 16.601 milioi euro mailegatuak zituen, urtebete lehenago baino %6,5 gehiago. Kutxak nabarmendu duenez, igoera hori lehiakideen batezbestekoa baino gehiagokoa da. 

Aurreko urte batzuetan ez bezala, 2025ean etxebizitzak erosteko mailegatutako diruak gainditu egin zuen hipotekatuek itzulitakoa, eta, horren ondorioz, saldo bizia %4,7 handitu zen hipoteka maileguetan. Sinatutako hipoteken kopuruak %27,9 egin zuen gora, eta tasa finkokoetan bederen, hamarretik lau 35 urtetik beherakoentzat izan ziren.

Azkenaldian Madrilen eta Bartzelonan ere hedatu den arren, Hego Euskal Herria da Laboral Kutxaren merkatu nagusia, eta eremu horretan etxebizitzen salmenta %11,7 handitu zen iaz, eta hipotekak, berriz, %19 ugaritu.

Enpresei emandako mailegua ere handitu egin da: %33 kreditu berrietan mailegatutakoa, eta %9 kredituaren saldoa.

%27

Zenbat ordainketa egin ziren telefono bidez. Bankuak iturri ona dira herritarrek non eta nola erosten duten ikusteko. Laboral Kutxak azaldu duenez, bere kontuen bitartez egindako ordainketen %27 sakelako telefonoetako aplikazioen bitartez egin ziren (LK Pay, Google Pay, Apple Pay eta Garmin Pay).

Bankuen beste negozio nagusiak, komisioenak, bilakaera ona izan du Laboral Kutxarentzat. 141 milioi patrikaratu ditu haren bidez, 2024an baino %2,9 gehiago. Horretan eragina izan du aurrezkiaren gero eta parte handiagoa ageriko kontuetatik gordailuetara eta inbertsio funtsetara joateak. Hala, eperako gordailuek %7,9 egin dute gora, eta %25,4, berriz, inbertsio funtsek. Azken datu horri esker, kreditu kooperatibak kudeatutako ondarea %50 handitu da azken bi urteetan, eta dagoeneko 7.100 milioi eurorena da. 

Aseguruen negozioa ere goraka ari da. 2025ean, 300.000 bezeroren langa gainditu du Laboral Kutxak. 202,3 milioi euroren primak jaso zituen iaz; horietatik 76 milioi euro autoen aseguruei dagozkie, eta 57,5 milioi etxe aseguruei.

Laboral Kutxak marka historikoa lortu du kaudimenean ere: %26,22ko kapitala dauka jada, CET1 irizpidearekin zenbatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.