Dufau pozik agertu da, laborantza lurrak babestuko direlako

Laborantza larrialdiaren legearen kontra bozkatu zuen EH Baiko diputatuak, pestizidak berriz onartzen dituelako. Baina lurren babeserako neurriak ere onartu dira lege horretan.

Peio Dufau, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Peio Dufau, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
2026ko uztailaren 29a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal Herriko hautetsi, laborari eta biztanleekin batera landutako neurriak azkenean onartu izanaz» poztu da Peio Dufau diputatua. Uztailaren 21ean Frantziako Asanblean laborantza larrialdiaren lege proiektua bozkatu zutenean, kontra azaldu zen EH Baiko diputatua, batez ere bi pestizida berriz baimentzea ekarriko baitu legeak: azetamiprid eta flupiradifurona. Hala ere, legeak laborantza mundurako aitzinamendu bat ere ekarri beharko luke, laborantza lurren desagerpenaren aurkako neurriak ere biltzen baititu. Neurri horiek, hain zuzen, Dufauk berak proposaturikoak dira.

2021ean, Arbonan (Lapurdi), hamabost hektareako laborantza eremuko etxebizitza bat 3,2 milioi euroan salgai ezarri zuten jabeek. Herritarrak salmenta espekulatzailearen aurka mobilizatu ziren, etxebizitzaren egiazko balioa baino lau aldiz garestiago saldu nahi baitzuten. 2022an, Vincent Bru orduko diputatuak lege proposamen bati ekin zion, laborantza lurren «ezkutuko kontsumoaren» fenomenoaren kontra borrokatzeko; hau da, laborantza lurren klasifikazioa galtzea ondasun higiezinekin batera saltzen direlarik. Ondoren, Dufauk hartu zuen lekukoa, eta legearen beste bertsio bat proposatu zuen, hainbat eragilerekin adostua.

Frantziako Asanblean Dufauren lege proposamenaren alde egin dutenaz gero, eztabaida ez zaie oraindik Senatura iritsi. Hortaz, egindako lan guztia bertan behera gelditzeko arriskuan zelako, Dufauk bere neurriak beste lege proposamen batean sartzeko hautua egin zuen, eta parioa lortu: laborantza larrialdiaren lege proiektua bozkatu zuten bezala eta bi pestizida berriz onarrarazi, laborantza lurren babeserako aitzinapausoa ere egin zuten.

Dufauren oinarrizko legea

Dufauren oinarrizko lege proposamena lau artikulutan banatzen zen. Bat: Safer egiturak lurrak partzialki erosteko duen lehentasuna sendotzea, elikadura burujabetzarako funtsekoak diren laborantza lurrak babesteko xedez. Bi: presio handiko eremuetan Saferren ekintza gaitasunaren azkartzea. Hiru: lehentasunez erosteko eskubidea gauzatu aitzin, ondasunen bisitak onartzea, Saferren jakitatea azkartuz. Laugarren artikuluak lege proposamena bermatzen zuen.

Lege proposamenaren helburua «laborantza lurren hemorragia eragoztea» zen, EH Baik agiri batean zehaztu zuenez.

«Garaipen kolektiboaren ospatzeko», Dufauk herritarrak elkartzera gonbidatu ditu, 2026ko irailaren 4an, ostiralarekin, 19:00etan, Arbonako plazan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA