Helburuak bete ditu Labrazako parke eolikoaren sustatzaileek abiatutako ekimen berritzaileak, eta Arabako 88 herritar inbertitzaile izango dira haize erroten zentrala eraikitzeko diruaren parte batean. Iberdrolak eman du albistea gaur, eta gaineratu inbertitzeko eskaerak —guztira 6,5 milioi euro— gainditu egin duela ekarpenetarako eskainitako hiru milioi euroko kopurua.
Crowdlending edo mailegu gisako finantzaketa kolektiborako tresnaren bidez, herritarrek hiru milioi euro jarri dituzte, eta horietatik %16, hain zuzen, 5.000 euroren partaidetzak dira; %42, berriz, 25.000 euro arteko ekarpenak; eta gainerako %42a, 25.000 eurotik gorakoak.
Ekarpenen jatorriari buruz, Labrazako, Gorrebustoko eta Oiongo biztanleek 1,1 milioi jarri dituzte. Haiei Arabako Errioxakoak gehituta, ekarpen eskarien %60 bete dituzte. Horiek guztiek bermatuta zeukaten ekarpena egin ahal izatea, parke eolikotik hurbil bizitzeagatik lehentasunezko inbertsio eremuan daudelako. Arabako herritarrenak dira beste 1,7 milioi euro.
Maiatzaren 18an zabaldu zen crowlending horretan parte hartzeko aukera, urtero bermatutako %7ko interes tasa finkoa eskainita.
Hainbat taldek kontra egin diote Labrazako parke eolikoari, baina dagoeneko hasita daude eraikitzeko lanak. Iberdrola eta Energiaren Euskal Erakundea dira parkearen bultzatzaileak, eta 59 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua izango da.
40 MEGAWATTEKO PARKEA
Labrazako parke eolikoa da azken 20 urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eraikitzen den lehena, eta horretarako inbertsioa 59 milioi euro izango da. 200 metroko zortzi haize errota altxatuko dituzte, orotara 40 megawatteko potentzia iristeko. Urtero 99.679 megawatt-ordu ekoitziko ditu, 30.000 etxe energia berriztagarriz hornitzeko adina.
Lanak Nafarroako ECAY enpresari eman zaizkio, haize errotak Siemens Gamesak egingo ditu, eta husteko azpiestazioa, EDS ingeniaritzak. Proiektuak ez du ebakuazio linea berririk behar: lehendik zegoen bat erabiliko baitu, Guardiako sare elektrikora konektatua.