Labrazako parke eolikoa eraikitzeko lanak aurrera doazela, Iberdrolak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak pauso berritzailea eman dute egitasmoaren inguruan herritarren babesa lortzeko. Gaur jakinarazi dutenez, parketik gertu bizi direnek aukera izango dute proiektuan inbertitu eta errentagarritasuna lortzeko.
Gure Haizea ekimenaren bidez, crowdlending finantzaketa kolektiboko ereduari jarraituko diote, eta Fundeen plataforma erabili. Horiek baliatuta, banakako 1.000 eta 100.000 euro arteko inbertsioak egin ahal izango dira hiru urtez, eta bermatuta egongo da urteko %7ko interesak kobratzea. Bide horretatik, guztira hiru milioi euroko inbertsioa egin ahal izango da.Â
Inbertsio horiek egiteko aukera batez ere Labraza, Gorrebusto, Oion eta Arabako Errioxako biztanleei eman nahi diete Iberdrolak eta EEEk. Nahiz eta ekimena Arabako lurralde historikora zabalduta egon, «parke eolikotik gertuen dauden eremuetako harpidedunek izango dute lehentasuna».
Gaur zabalduko da aurreko erreserba, eta ekainean gauzatuko da finantzatzea.
Era berean, Iberdrolak eta EEEk bere oharrean azaldu dute Labrazako eta Gorrebustoko administrazio batzarretako auzotarrek tarifa berezia izango dutela energiaren prezioetan, «behin azpiegitura berriztagarria martxan dagoenean eta parke eolikoaren ibilbide funtzional osoan».
Informazio saioak
Iberdrolak eta EEEk bilera informatiboak egingo dituzte parkearen lanak zertan diren eta finantza plataformarekin nola bat egin azaltzeko: maiatzaren 19an Bastidan, 27an Oionen, eta 28an Guardian.
Bi erakundeen ustez, «Labrazako parke eolikoak onura soziala ekarriko du ekimen horien bidez, eta, horri esker, arabarrek parkearen eraikuntzan parte hartu ahal izango dute, proiektuaren inbertsio ekonomikoan esku hartuz eta errentagarritasun erakargarria lortuz, eredu energetiko iraunkorrago baterako trantsizioa bultzatzearekin batera».
Parke eolikoa eraikitzearen kontra azaldu dira zenbait talde: Arabako Mendiak, Araba Bizirik, Euskal Herria Bizirik... Joan den astean, bost aktibista parkearen lanetan kateatu ziren, eta lau atxilotu zituzten.

Aktibisten arabera, «Arabako mendi hauetan makrozentral eoliko bat ezartzeak, ingurune natural aberatsak suntsitzeaz gain, inposaketa ankerra dakarkio herri txiki bati, Labrazari».Â
Beharbada protesta horiei erantzun nahian, Iberdrolak eta EEEk azaldu dute ezen, finantza kolektiborako tresna eta energia tarifa txikiagoak erakrtzeaz gain, parke eolikoak 90 lanpostu sortuko dituela, gehienak eraikuntza fasean, eta 1,2 milioi euroren diru sarrerak ekarriko dizkiela udalaren kutxei, horietako batzuk urtero bilduko diren zerga eta kanonetan.
Ildo horretan, gaineratu dute Labrazako parke eolikoak hegaztiak eta biodibertsitatea babesteko hainbat neurri berritzaile hartzen dituela kontuan; besteak beste, «hegazti sentikorrak detektatzeko gailuak instalatzea eta aerosorgailuak gelditzea; paisaia leheneratzea eta proiektuaren funtsezko eremuen ingurumen integrazioa, hidroereintzaren eta landaketaren bidez. Landaredia lehengoratzea, Batasunaren intereseko habitatak lehengoratuz».
40 MegaWatteko parkea
Labrazako parke eolikoa da azken 20 urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eraikitzen den lehena, eta horretarako inbertsioa 59 milioi euro izango da. 200 metroko zortzi haize errota altxatuko dituzte, orotara 40 megawatteko potentzia iristeko. Urtero 99.679 megawatt-ordu ekoitziko ditu, 30.000 etxe energia berriztagarriz hornitzeko adina.
Lanak Nafarroako ECAY enpresari eman zaizkio, haize errotak Siemens Gamesak egingo ditu, eta husteko azpiestazioa, EDS ingeniaritzak. Proiektuak ez du ebakuazio linea berririk behar, lehendik zegoen bat erabiliko baitu, Guardiako sare elektrikora konektatua.