Kooperatibak

Lanbiden egotea legez jasotzea eskatu du Konfekoopek

Enpleguaren Legean «aurrerapausoak» ikusi ditu kooperatiben konfederazioak, eta adierazi du Confebaskekin jarrerak hurbiltzeko ahalegina egin duela.

Iñaki Nubla eta Rosa Lavin, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA/FOKU
aitor biain
2023ko maiatzaren 5a
14:28
Entzun

Konfekoop kooperatiben elkarteak begi onez hartu du Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Legearen aurreproiektua; konfederazioak aitortu du «aurrerapausoak» ikusten dituela, eta uste du «esparru egokia» eskaintzen duela Lanbideren administrazio kontseiluan egoteko eskaera historikoa bete ahal izateko. Izan ere, legeak lehen aldiz jasotzen du Kofekoopek bertan egoteko duen «eskubidea», nahiz eta ez duen leku hori izango duenik bermatzen. Bada, azken pausoa ematea eskatu du kooperatiben konfederazioak.

Hori egikaritzea izango da elkartearen helburuetako bat aurten, hain zuzen ere. Hala azaldu du Konfekoopek iazko balantzea eta aurtengo erronkak aurkezteko ekitaldian. Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak argi adierazi du, beste behin, ez dagoela «arrazoi juridikorik» horretarako, eta gogorarazi du urte hasieran onartu zen Enpleguaren Espainiako Legea ere ez dela oztopo. «EAEko Aholku Batzorde Jurikoak ere berretsi du auzi politikoa dela, eta legegilearen borondatearen araberako dela».

Eusko Legebiltzarrera joango da hurrengo astean Kofekoopeko presidentea alderdiei eskaera aintzat har dezaten eskatzera. Haren hitzartzea eskatu baitzuten talde politikoek Legebiltzarrean, Enplegu Legearen tramitazioaren harira. «Orain izan behar du; esparru egokia da», azpimarratu du Lavinek. Baikor azaldu da Iñaki Nubla Konfekoopeko zuzendaria ere: «Gobernuak aurkeztu du aurreproiektua, baina alderdi politikoekin hitz egin dugu eta hitzak onak dira. Hala ere, lan egin behar dugu hori ziurtatzeko».

Ez da horren erraza izango, halere; alderdi politikoez gain, Confebask konbentzitu beharko duelako aldi berean. Hark ditu patronalari dagozkion bost ordezkaritzak Lanbideko zuzendaritza kontseiluan, eta hura izan da Konfekoopek aulki horietako bat izateari betoa jarri diona urte luzez. Lavinek adierazi du kooperatiben konfederazioak ahaleginak egin dituela jarrerak hurbiltzeko, eta pozik azaldu da emaitzarekin: «Garrantzitsua da, orain arte ez baita halakorik egin. Baina uste dugu lege esparru bat egoteak eskatzen zuela bi elkarteen artean gerturatze bat egotea». Ohartarazi du, ordea, bide luzea geratzen dela oraindik: «Gure borondate osoa jarri dugu akordio bat lortzko, baina partida zabalik dago oraindik».

Datu onak
2022a datu onekin itxi zuen konfederazioak. «Ezohikoa» eta «oso berezia» izan zela nabarmendu du Nublak, pandemiaren ondorioei ez ezik, Ukrainako gerrari eta lehorteari ere aurre egin behar izan zietelako enpresek. Edonola ere, eta «ziurgabetasun eta ezegonkortasun handia» izangatik ere, konfederazioari atxikitako kooperatibentzat «urtea ona» izan dela azpimarratu du, enpresa kopuruan eta enpleguan hazi egin delako elkartea.

Zehazki, iazko urte amaieran 1.391 kooperatiba ziren guztira elkartean, 2021ean baino 41 gehiago. Eta denera, 56.762 langile dituzte kooperatibek, aurreko urtean baino 387 gutxiago —%0,6 gutxiago—. Nublak azaldu du beherakada hori kontsumo kooperatibetan gertatu dela, pandemia garaian jarduera indartu behar izan zutelako eta oraindik merkatua «egonkortze bidean» delako. «2019arekin alderatuta, hala ere, goitik gaude», nabarmendu du.

Lavinen hitzetan, datuek erakusten dute euskal kooperatibismoak «heldutasun maila handia» lortu duela. Eta aurrera begira, espero du ildo beretik jarraitzea. Hain justu ere,iragarri du aurtengo urtarriletik apirilera bitarte 51 kooperatiba eratu direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Enpresen deslokalizazioak kezka eragiten duen garai honetan, lurraldean errotutako enpresa kooperatiboek enplegua sortzen eta kohesio soziala sustatzen jarraitzen dugu», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.