Lana

Langabezia sariaz negoziazio kamustua hasi dute Frantzian

2024tik aurrerako arauak finkatu behar dituzte sindikatuek eta patronalak, baina 2019ko erreforma ez ukitzeko agindu die gobernuak

Frantziako sindikatuetako buruak, Matignonen, artxiboko irudi batean. YOHAN VALAT / EFE
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 12a
18:06
Entzun

Urte politikoaren hasierarekin batera itzuli dira Frantziako gizarte eragileen arteko negoziazioak ere. Langabezia sariaren erreforma dute mahai gainean, baina mahai oso txikia jarri die Emmanuel Macronen gobernuak, berak dekretuz onartutako erreforma ez ukitzeko baldintza jarri baitie.

Sindikatuek eta patronalak kudeatzen dute Frantziako langabezia sariaren kutxa (Unedic), eta haiei dagokie kutxa horren diruak banatzeko arauak ezartzea. Baina 2019ko negoziazioan ez ziren ados jarri, kontratu laburrak mugatu nahi zituztelako langileen ordezkariek, eta ez, ordea, ugazabek.

Negoziazioen porrota berak esku hartzeko baliatu zuen Parisko gobernuak. Langabezia sarian egindako gastua murriztea izan zuen xede, eta ildo horretan zenbait neurri hartu zituen: langabezia saria eskuratzeko lan egin beharreko aldia luzatu zuen —azken 24 hilabeteetatik gutxienez sei hilabete lan egin behar izatea, eta ez 28tik lau—; kontratu laburrak kateatu dituztenei saria gutxitu zien; 4.700 euroren soldatak izandakoei saria murriztea zazpigarren hilabetetik aurrera; eta ordaina murriztu zuten langabezia tasa %9tik behera jaitsiz gero.

Neurri horiek gastua murrizteko helburua betetzen ari direla dio Unedicen ikerketa batek: gutxitu egin da saria eskuratzeko eskubidea lortzen dutenen kopurua, batez ere gazteen artean, eta jaitsi egin da saria jasotzen duten langabeen batez bestekoa.

Dirua enplegurako

Frantziako Gobernuaren dekretuak aurtengo abenduan iraungiko dira, eta sindikatuek gustura aldatuko lituzkete, haien aurka azaldu baitziren bere garaian. Baina abuztuan gizarte eragileei igorritako gutunean, gobernuak ohartarazi zien ez zirela ukitu behar.

Eskaera bat ere egin die exekutiboak: sosak bilatu behar dituzte enpleguaren eta formakuntzaren aldeko politikak finantzatzeko. Horretarako, 2022az geroztik Unedicek izan duen superabita eta datozen urteetarako espero dituenak erabili nahi ditu gobernuak. Zehazki, 2023-2026ko aldian 12.000 milioi izango lirateke. Soberakin hori aurreko hamahiru urteetan Unedicek pilatutako 60.000 milioi euroko zorra murrizteko erabili nahiko luke Medef patronalak.

Negoziaziorako eremu estuak zaildu egiten du gizarte eragileen lana, eta ezkortasuna zabaldu du haien artean. Akordiorako aukerak %10 baizik ez direla esan du Jean François Foucard CFE-CGC sindikatuko buruak. «Badirudi estatuak erregimenari buruzko erabakimenari eutsi nahi diola», azaldu du Eric Courpotin CFTCko idazkariak. Negoziazioetan jarraituko ote duen zalantzan jarri du, berriz, CGTk.

Gauzak horrela, hizketagai nahiko murritzak geratu zaizkie sindikatuei eta patronalari: sasoikako langileen egoera, erretretaren atarian dauden adineko langileena, eta Pole Emploi enplegu zerbitzuari Unedicek egiten dion ekarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.