Langabezia tasa %6,8ra igo da EAEn, baina milioi bat langiletik gora daude oraindik

Eustaten arabera, enplegu sorrera moteldu egin da hirugarren hiruhilekoan: 4.100 landun gutxiago daude, eta 12.500 langabe gehiago.

Igeltsero bat, Bilboko obra batean lanean. LUIS TEJIDO / EFE
Igeltsero bat, Bilboko obra batean lanean. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 17a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Autonomia Erkidegoko lan merkatuak atzerapauso handia eman du hirugarren hiruhilekoan. Eustaten enpleguari buruzko inkestak emaitza oso onak argitaratu zituen bigarren hiruhilekoan, baina udaren amaieran asko apaldu dira datuak. Langabezia tasa %6,8 da, bigarren hiruhilekoan baino 1,1 puntu handiagoa, eta 12.500 langabe gehiago daude.

Landun kopurua ere murriztu da, 4.100 gutxiago baitira. Atzeraldia eragin duten sektoreak zerbitzuak (3.600 landun gutxiago) eta eraikuntza dira (1.400 landun gutxiago), nahiz eta bi horiek diren, eta ez industria, orain ekonomiaren motorrari eragiten diotenak.

Epe laburreko azterketan datu txarrak ageri diren arren, urrutiago begiratuz gero hobeak dira. Bigarren hiruhilekoan, milioi bat langileren langa igaro zen aurreneko aldiz, eta, lan merkatua moteldu arren, langile kopurua gainetik dago oraindik: 1.006.300. Aurtengo lehen hiruhilekoan zeudenak baino 15.000 landun gehiago dira, eta iazko hiruhilekoan zeudenak baino 8.400 gehiago.

Langabezia tasari dagokionez, lehen hiruhilekoan %7 zen (+0,2), eta iazko hiruhilekoan, berriz, %7,2 (+0,3).

Urte arteko alderaketa eginda, iaz baino 8.400 landun gehiago daude, eta langabezia tasa %0,3 txikiagoa da

Eustaten inkestak galbahe ugari egiten ditu, eta, esan bezala, sektoreka zerbitzuetan eta eraikuntzan desagertu da enplegu gehien. Zerbitzuetan, udako kontratazioen amaierak azal dezake jaitsiera; gogorragoa da eraikuntzakoa, okupazio tasak 2,3 puntu egin baitu behera —langile guztien %6 dira—. Aldiz, industrian 300 landun gehiago daude, eta lehen sektorean, 600 gehiago. Azken datu horretan eragin handia izan ohi du uzta garaiak.

Sexuka erreparatuta, emakumeen egoera makurragoa da orain ere. Emakumeen okupazio tasa %69,6tik %68,4ra jaitsi da hirugarren hiruhilekoan; gizonena, berriz, 0,1 puntu bakarrik jaitsi da (74,1).

Langabezia tasari dagokionez, emakumeena %7,3ra igo da (+1,2), eta gizonena %6,3ra (+1). Adin tarteka aztertuz gero, langabezia tasak gazteen artean egin du gora gehien, eta hiruhilekoan lan bila zebiltzan 18 eta 24 urte artekoen %14 zegoen langabezian.

Hiru etxetik batean, langilerik ez

Herritartasunari dagokionez, langabeziak antzeko bilakaera izan du Espainiako herritartasuna dutenetan (+%1,1) eta ez dutenetan (+%0,9); hori bai, egoera oso ezberdina da. Herritartasuna dutenen langabezia tasa %5,8 da —%73,3ko okupazio tasa—; ez dutenen artean, berriz, %15 da —%56,9ko okupazio tasa—.

Inkestak biltzen duen beste datu interesgarri bat da kide guztiak lanean dituzten etxeena. Eustaten arabera, hirugarren hiruhilekoan 929.100 etxe zeuden EAEn, bigarenean baino 1.500 gehiago, eta hirutik batek ez du pertsona aktibo bakar bat ere ez, alegia, etxeen %34,1etan ez dagoela langile bakar bat ere ez. Hor sartzen dira, besteak beste, pentsiodunez bakarrik osaturiko etxeak. Etxeen %59,1etan, kide guztiak dira aktiboak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.