EAEko ekonomiak hazkunde erritmoari eutsi dio

Azken urtean 13.000 lanpostu sortu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Eraikuntzako langile bat, Donostian, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Eraikuntzako langile bat, Donostian, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 16a
10:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaharrak berri kontu ekonomikoetan. Euskal Autonomia Erkidegoko barne produktu gordinak 2025eko bigarren hiruhilekoaren hazkunde erritmoari eutsi dio hirugarrenean ere: %2,2 hazi da urte arteko tasan. Hiruhileko arteko tasan, ordea, ikusi da moteltze txiki bat: %0,7 hazi zen lehen hiruhilekoan, %0,5 bigarrenean, eta %0,4 hirugarrenean. 

Eustatek eman ditu datuak, eta aurreko hiruhilekoetan esandakoa esan du oraingoan ere; hau da, zerbitzuen eta eraikuntzaren indarrari esker doala gora BPGa. Industria, berriz, pattal dabil —%0,1 baizik ez zen hazi bigarren hiruhilekoan—, bezero nagusietako bi, Frantzia eta Alemania, ahul dabiltzalako.

Sektore bakoitzari dagokion informazioa abenduaren 3an emango du Eustatek, informazio gehiago biltzen duenean.

Enpleguari dagokionez, aldaketa gutxi: lanaldi osoko lanpostu baliokide gisa neurtuta, %1,4 igo da urte artean, bigarren hiruhilekoan bezainbeste. Zenbaki osoetan, horrek esan nahi du duela urtebete baino 13.000 enplegu gehiago daudela, lanaldi osoko lanpostu baliokide gisa neurtuta.

2025eko hirugarren hilekoaren datuak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak urte osorako egindako aurreikuspenarekin. Duela pare bat aste eguneratu zituen, eta hamarren bat handitu zuen iragarpena, %2,2raino. Halaber hobetu zuen 2026ko iragarpena ere, %1,7tik %1,9ra. 

Datu horiek are hobeak izan zitezkeela onartu zuen Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, kanpoko merkatu batzuek industriari galga jarriko ez baliote. Edonola ere, nabarmendu zuen esportazioetan «suspertze zantzuak» ikusi zituen sailburuak, eta aurten %2 eta %3 artean handituko direla. Berez, kanpo sektorea dagoeneko hazten ari da Araban (%8,4 gehiago esportatu du urteko lehen zazpi hilabeteetan) eta Gipuzkoan (+%5,7); Bizkaian %10,2 apaltzen ari dira, neurri handi batean, erregaiak iaz baino merkeago daudelako.

Edonola ere, EAEko ekonomiaren hazkundearen motor nagusia zerbitzuak izango dira. Aurreikuspenen arabera, etxeko kontsumoak %2,7 egingo du gora 2025ean, lan merkatuaren bilakaera onari eta inflazio neurritsuagoari esker. Eraikuntza sektoreak ere lagunduko du bide horretan, Jaurlaritzak 2025 osorako %2,5eko hazkundea aurreikusi baitio sektore horri. Industriari, %0,4 baizik ez.

Zerga bilketa, BEZaren esku

Eustatek aurreratutako datuak bat egiten du Finantzen Euskal Kontseiluak joan den astelehenean iragarritako kalkuluekin. Izan ere, aurten errenta zergaren bilketaren hazkundearen (+%13,4) eta BEZaren (+%10,2) ondorioz iritsi da batez ere zerga bilketa, amildu egingo baita sozietate zergaren ekarpena (-%14,3). Hau da, sinplifikatuz, enpleguaren gorakadak eta familien kontsumoak eusten diote ekonomiari. 

Eta datorren urtean ere antzeko zerbait gertatuko delakoan dira erakundeak: igoera txiki bat izango du —58 milioi eurokoa—, baina bilketa batez ere kontsumoari esker handituko da, BEZak 642 milioi gehiago emango dituela espero baitute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.