Lan istripu bat gertatu da gaur eguerdian Arbizun (Nafarroa). Utzubar industrialdeko enpresa batean lanean ari zen langile bat hiru metroko aldamio batetik erori da, eta kolpearen ondorioz hil. Langilea enpresakoa bertakoa zen, eta 55 urte zituen.
SOS Nafarroak abisua jaso eta gutxira azaldu dira enpresan Etxarri Aranazko osasun etxeko zerbitzuak, eta saiatu dira langilea biziberritzen, baina ezin izan dute ezer egin. Gorpua Iruñera eraman dute, eta han egingo diote autopsia. Istripua zergatik eta nola gertatu den ikertzen ari dira foruzainak.
Aste honetan gutxienez beste langile bat hil da, P.R.C., 30 urtekoa. Ostegunean zendu zen, astelehenean Amezketako (Gipuzkoa) Aralar paper fabrikan gertatutako istripuak eragindako zaurien ondorioz. Ez zen paper fabrikako langilea, Ibarra Argi Lanak azpikontratutako enpresakoa baizik. Enpresa hori mantentze lanak egiten ari zen Aralarren. Paper lantegiko beharginek 24 orduko lanuztea egin zuten haren omenez, eta segurtasun neurri handiagoak eskatu.
Sindikatuen arabera, urtea hasi zenetik Euskal Herrian 39 lagun hil dira lanean ari zirela.