Euskal Trenbide Sareak jakinarazi duenez, pertsona bat hil da gaur Donostiako Topoaren lanetan, istripuz. Ohar bidez esplikatu dutenez, tunelean lanak egiten ari zirela, makina bat irauli egin da, eta langilea harrapatu du. Ikerketa abiatu dute zer gertatu den argitzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak doluminak helarazi dizkiete hildakoaren familiari eta gertukoei. Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak «elkartasuna eta sostengua» adierazi dizkie sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez, eta berdin egin du Ane Oiarbide PSE-EEk Donostiako Udalean duen bozeramaileak.
Ezker Anitza-IU-k, berriz, samina adierazteaz gain, erantsi du lan istripuak «enpresen irabaziak eta behin-behinekotasuna lehenesten dituen sistema baten ondorio» direla.
LABek bere webgunean egiten duen zenbaketaren arabera, gaurko istripua izan arte 33 lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela. ELAk, berriz, 21 zenbatu ditu Hegoaldean. Ez batak eta ez besteak ez dituzte zerrenda horietan sartu du ekainaren 3an Elgoibarren trafiko istripuz hildako bost foruzainak, lanerako bidaia batean zihoazen arren. Hori bai, ezbeharra izan zenean, lan istripua izan zela nabarmendu zuen ELAk, agiri baten bitartez.