Bost foruzain hil dira gaur goizean Elgoibar (Gipuzkoa) parean, AP-8 eta AP-1 errepideen arteko Maltzagako lotunean. Auto istripua izan dute 09:15 inguru zirenean, Ertzaintzaren Iurretako (Bizkaia) basera bidean zirela; han praktika batzuk egitekoak ziren. Istiluen aurkako brigadako kideak ziren.
Ertzaintzak kontatu duenez, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, Foruzaingoaren furgonetak zisterna kamioi bat jo du, eta istripuan jasandako zaurien ondorioz, furgonetako bost bidaiariak hil egin dira. Kamioiaren gidaria, berriz, ospitalera eraman dute larrialdi zerbitzuek, helikopteroan.
Istripua Bilboko noranzkoan gertatu da, baina kamioia erdibitzailearen gainean geratu da, eta Donostiako noranzkoan ere bi errail inbaditu ditu. Ondorioz, hasieran bi noranzkoetan itxi dute AP-8 errepidea, auto ilara luzeak sortu dira eta zirkulazioa AP-1etik desbideratu dute. 10:40ak zirenean ireki dute errail bat Donostiako noranzkoan, eta aldizkako pasoa ematen ari dira AP-8 eta AP-1 errepideetako ibilbailuei. Bilboko noranzkoak itxita segitzen du, eta, Bidegiren arabera, ez dute irekiko kamioia kendu arte, printzipioz, gauera arte.

Helikopteroaz gain, istripua gertatu den tokira bertaratu dira Ertzaintza, bi anbulantzia medikalizatu eta Azpeitiako eta Eibarko suhiltzaileen lau ibilgailu, erreskate lanetan laguntzeko.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko, eta inguruan dabiltzan auto gidariei kontuz ibiltzeko eskatu die, auto pilaketa handiak daudela eta.
Doluminak
Ezbeharrak eragin ditu lehen erreakzioak. Maria Txibite Nafarroako lehendakariak «nahigabetuta» dagoela idatzi du X-n, eta bere «maitasun guztia» helarazi die «galdu ditugun zerbitzari publikoen» senideei eta kideei. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere «tristura, samina eta ezintasuna» sentitzen dituela adierazi du: «Besarkada handi bana, atsekabean lagun, senitarteko eta lagun guztiei; baita Foru Poliziari, Nafarroako Gobernuari eta Ertzaintzari ere. Goian eta gugan beude».
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, berriz, hunkituta dagoela adierazi du, eta doluminak bidali dizkie hildakoen senitartekoei, lagunei eta Foruzain guztiei. Gauza bera egin du, besteak beste, Laura Aznal EH Bilduko parlamentariak, eta esan du gaurkoa «Nafarroako ezbehar kopuru larriari» gehitu beharreko beste bat dela, azken 40 orduetan hiru lagun hil baitira.Â
Alderdiek ere helarazi dizkiete doluminak hildakoen gertukoenei. PSNk «dolumin sakonenak» helarazi dizkie; EH Bilduk, «ezkerreko subiranismoaren babes osoa»; UPNk adierazi du euren pentsamenduak Foruzaingoarekin daudela; eta Geroa Baik ere Foruzaingoarekin bat egin du, «doluminik zintzoenak» igorriz.