Langile bat hil da AHTko lanetan eta beste bat Tubos Reunidosen

Azpikontratatutako enpresentzat egiten zuten lan. Sindikatuen zenbaketaren arabera, aurten 23 behargin hil dira Euskal Herrian.

AHTko lanetan hildakoak gogoratu zituzten otsailean Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
AHTko lanetan hildakoak gogoratu zituzten otsailean Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jokin Sagarzazu - Aitor Biain
2025eko maiatzaren 27a
18:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Aste hasiera beltza izan da Euskal Herrian, lehenengo bi egunetan hiru langile hil baitira. Azkenengoa gaur, Amurrion, Araban, Tubos Reunidos enpresan. Horren ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du astelehenean beste bat hil zela, Atxondon (Bizkaia), abiadura handiko trenaren lanetan ari zela. Eta atzo jakin zen Andosillan beste batek galdu zuela bizia, elikadura enpresa batean.

Toki garai batetik erorita hil da Tubos Reunidoseko behargina, Ertzaintzak baieztatu duenez. 12:40an jaso dute deia. LAB sindikatuak adierazi duenez, beharginak azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuen lan. Ez dute informazio gehiago zabaldu ezbeharraren inguruan, eta Osalanek ikerketa abiatu du.

AHTko lanetan hildakoari dagokionez, astelehenean izan zuen ezbeharra, baina gaur eman dute horren berri. LABek azaldu duenez, pieza bat gainera erori eta zauri larriak eragin zizkion; «odolustuta» hil zen. Sindikatuaren arabera, 49 urte zituen, eta A.H.G. ziren haren inizialak. Abiadura handiko treneko lanak egiteko azpikontratutako enpresa batentzat aritzen zen, Conprovialentzat.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, ezbeharra astelehen arratsaldean gertatu zen. Larrialdi zerbitzuak hara joan ziren, eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten, baina ezin izan zuten ezer egin behargina bizirik iraunarazteko. Osalanek ikerketa bat abiatu du zer gertatu den argitzeko.

Hamahirugarrena AHTaren obretan

AHT Gelditu taldearen arabera, atzokoa kontuan hartuta gutxienez hamalau lagun hil dira abiadura handiko trenaren obretan. Otsailean Iruñean egindako manifestazio batean ere salatuak zituzten lan heriotza horiek. Lan horretan ari diren beharginen baldintzak txarretsi zituzten: besteak beste, lanaldi amaigabeak, lan egiteko ekipamendu egokirik ez izatea, eta lan ikuskatzaileen «arduragabekeria». Nabarmendu zuten langile horiek «esklaboen» pare ari direla.

LABen zenbaketaren arabera, 23 langile hil dira aurten Euskal Herrian. Astelehenean beste heriotza baten berri eman zuten. Andosillako (Nafarroa) elikagai enpresa batean igeltsero ari zen bati karga gainera erori zitzaion, eta hil egin zen. 50 urte zituen, eta Calahorran bizi zen (Errioxa, Espainia).

LABen ustez, lan istripu horiek guztiak eragotz zitezkeen, prebentzio neurriak «behar bezala kudeatu, integratu eta aplikatu» izan balira. «Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan kostuak merkatzeko». Administrazioaren «konplizitatea» salatu du.

Antzera mintzatu dira gainerako sindikatuak. ELAk nabarmendu lan baldintzak «urtetik urtera» gero eta okerragoak direla, «enpresak etekinak lehenesten ari direlako langileon segurtasunaren eta osasunaren gainetik». CCOOk salatu du azken urteetan «izugarri» handitu direla azpikontratatutako langileen heriotzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.