Langile bat hil da Valtierran, pala kargatzaile batek jota

Abeltzaintzaren hondakinak tratatzeko planta batean izan da ezbeharra.

Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 26a
14:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste lan istripu hilgarri bat izan da gaur eguerdian, Valtierran (Nafarroa). Abeltzaintzaren hondakinak tratatzen dituen enpresa batean, pala kargatzaile batek kolpe bat eman dio 52 urteko langile bati, eta hil egin du. 

13:00etan jaso du abisua SOS Nafarroak, baina iritsi direnerako berandu zen. Langilearen gorpuari autopsia egingo diote, eta Tuterako komisariako foruzainen esku geratu da ikerketa.

Aste honetan gutxienez beste bi lagun hil dira lanean ari zirela. Astearte iluntzean, langile bat hil zen Olatek enpresan, Legutioko Goiain industrialdean (Araba). 41 urteko garraiolari bat zen, Olatekek azpikontratutakoa, eta zerrautsa zeraman kamioi bat garraiatu zuen Legutioraino. Zerrautsa deskargatzen ari zela, materiala gainera erori zitzaion, eta hil egin zen.

Asteartean ere beste garraiolari bat hil zen, Gasteizko erietxe batean. Hilaren 19an bihotzekoak jo zuen, bere kamioiaren kabinan zegoela. 58 urte zituen, eta Barco Motor enpresakoa zen.

Bi langile horiek gogorarazi zituzten Olateko lankideek, eta han izan ziren LAB, ESK, Steilas, ENHE-Etxalde eta Hiruko ordezkariak ere. Azken horrek nabarmendu du  urteak daramatzatela eskatzen garraiolarien erretiroa 60 urtera aurreratzea eta garraiolarien artean bihotzeko arazoek duten kopuru handia kontuan hartu dezatela laneko prebentzioari eta osasunari buruzko araudiak egiterakoan.

Hamabost langile, aurten

Gaurkoarekin, hamabost langile hil dira LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, eta hamabi, berriz, ELAren arabera. Azken horrek nabarmendu du lan baldintza prekarioek lan istripuen eta gaixotasunen arriskuta handitzen dutela. «Faktore nagusien artean daude lan erritmo handiak, prebentzioari buruzko prestakuntza falta eta baliabide eskasak. Horri gehitzen zaio kontrol instituzional eskasa eta araudia ez betetzea. ELAk gogorarazi du istripuak saihestu daitezkeela prebentzio neurriak hartuta, eta enpresari zein instituzioei erantzukizunak har ditzaten eskatu du».

CCOOk, bere aldetik, «baliabideak ez aurrezteko» eskatu dio Nafarroako Gobernuari, «lan osasunak lehentasuna izan behar duelako exekutiboarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA