ELAk eta Galiziako CIGek salaketa jarri dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, Espainiako Gobernuaren eta CCOO, UGT eta CSIFen aurka, Hego Euskal Herriko eta Galiziako langile publikoen negoziazio kolektiboko eskubidea urratu dutela iritzita. Bi sindikatu horien arabera, Espainiako Gobernuak eta estatu mailako sindikatu horiek euren artean adostu dute 2025-2028rako soldata igoera, Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorraren bidez negoziatu beharrean, eta azpimarratu dute negoziazio horietatik kanpo geratu direla Hego Euskal Herriko eta Galiziako langile gehien biltzen duten sindikatuak.
Haien ustez, jarduteko modu horrek, negoziazio kolektiboaren legea urratzeaz gain, aurka egiten die Hego Euskal Herriko eta Galiziako autogobernuei, eta, horrenbestez, administrazio horiek beren langileen baldintzak «bertan erabakitzeko duten eskubidea» ukatzen du. Hori dela eta, auzitara jotzearekin batera, ELAk Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta udalei eskatu die urratsak egin ditzatela hori berma dadin.
«Ez da nahikoa»
Hegoaldeko erakundeek oniritzia eman diote jada Madrilen adostutakoari. Abenduaren 22an EAEko eta Nafarroako funtzio publikoko mahai orokorrak bilduko dira, eta, ELAk azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak akordioaren aplikazioa jaso dute. Eudel EAEko udalen elkarteak ere neurria betetzeko jarraibideak eman dizkie tokiko erakundeei. Aurretik Espainiako Kongresuak onartu zuen neurria.
Horren arabera, funtzio publikoko soldatak %11 igoko dira 2025 eta 2028 artean: aurten, %2,5; datorren urtean, %1,5, eta inflazioa hortik gorakoa bada, %2; 2027an, %4,5 edo %5, aurreko urteko igoera aplikatu ez bada; eta 2028an, %2.
ELA eta CIG sindikatuentzat ez da aski, haien kalkuluen arabera 2010etik langile publikoek erosahalmenaren %20 galdu baitute. Salatu dute, halaber, Madrilen adostutakoak ez duela balio administrazio publikoko lanpostuetan dagoen behin-behinekotasuna tasa handiari aurre egiteko; %40koa, haien arabera.
Langile publikoen soldatak bertan erabakitzeko aldarrikapena ez da berria, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak beti eman dute erantzun bera: Espainiako legediak hango langile publikoei ezarritako igoera bera aplikatu behar zaiela hemengoei. Hala ere, kasu jakin batzuetan, zirrikitu batzuk bilatu dituzte. Azkenengoa, Ertzaintzan. Haien soldatak esparru orokorretik gora igo dituzte, baina osagarrien bidez.
211.700Â
Hego Euskal Herrian 211.700 langile publiko daude, gehienak osasunean, hezkuntzan eta administrazio orokorrean. Bizkaian 79.795 daude, Nafarroan 48.504, Gipuzkoan 48.316 eta Araban 35.085. Eustatek ostiral honetan emandako datuen arabera, EAEn hamarretik sei (%62) emakumeak dira.
Neurriak langile publikoei ez ezik itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako irakasleei ere eragingo die, haien lan hitzarmenek Madrilgo esparrua hartzen baitute erreferentziatzat soldatak eguneratzeko, eta gobernuek ordaintzen dituzte.
Â