Ipar Euskal Herriko intersindikala kexu agertu da Baionako lan auzitegiko hiru idazkari postuetarik bat kendu baitute berriki. Azaldu dutenez, «gabezia kronikoa» da Baionako lan auzitegiko idazkariena, urteak eta urteak direlako halako eskasiei aurre egin behar izaten dietela. «Auzitegiko langileak gaindituak dira, auzien epeak luzatzen dira... Lan justizia bazter utzia da, bigarren mailakotzat jotzen dute», ziurtatu dute.
Auzitegi idazkari baten galtzearen gibeletik arrazoi bat ikusten dute Ipar Euskal Herriko CFDT, CGT, Unsa eta FO sindikatuek: «Dena egina da langileek dituzten eskubideak erabili ez ditzaten». Salaketa horregatik eta beste batzuengatik, heldu den astean, irailaren 29an, zerbitzu publikoak antolatzen duen grebara batzera deitu dute.
Orain arte, hiru idazkari ziren Baionako lan auzitegian —ez denak denbora osoan—, baina postuetarik bat kendu zaie berriki. Alde batetik, lan auzitegiko langileei berei eragiten die postu kentzeak; bestalde, auzitara jo behar izaten duen langileriari segipen lasterrik ez zaio ematen. «Klase justizia da», intersindikalaren arabera, «langileekiko mespretxu soziala».
Zeren «nagusiek, haiek, itxaroten ahal dute, ez die ez ekonomikoki ez sozialki eragiten». Langileei, haatik, bai: «Hasieran, jadanik, 50 euro pagatu behar dituzte auzibidea abiatu ahal izateko; lehen instantziarako, gero, 1.500 bat euro behar dituzte abokatu gastuen ordaindu ahal izateko; eta nagusiek erabakiez dei egiten dutelako gehienetan, bigarren instantziara doa».
Hala da: 2026ko martxoaren lehenez geroztik 50 euro ordaindu behar dira afera bat lan auzitegiaren esku utzi ahal izateko. «Deusek ez ditu gehiago langileak bultzatuko haien eskubideak erabiltzera», sindikatu ordezkarien ustez. Aldi berean, azken urteetan %40 emendatu da lan auzitegian abiatutako kopurua, «izaten ari diren kanporaketa masiboen ondorioz», lan eremuka.
1.800 auzi idazkari gehiago
Langileriak parean dituen solaskideak, aldiz, gainezka dira. Ez da Ipar Euskal Herriko egoera bakarrik, Frantzian ere ber motako gabeziei aurre egiten baitiete. Halere, Frantziako Gobernuak 2023-2027 programazio legea bozkatu zuelarik justiziarentzat, 1.800 auzi idazkari gehiago aurreikusten zituen 2027ra bitarte.
Intersindikalak, beraz, espero du postu horietako batzuk lan justiziarentzat atxikiko dituztela eta, zehazkiago, «Baionako lan auzitegiari ere postu bat gehiago gordeko diotela»; hori litzateke, erran dutenez, «behar gutienekoa hein bat egoki funtzionatu ahal izateko».