Lau eguneko greba hasi dute Bizkaiko garbitzaileek

ELAk salatu du patronalak ez dituela langileen eskakizunak onartzen eta, gainera, murrizketak proposatzen dituela. Manifestazioa egin dute Bilbon, Zazpikaleetan.

Garbitzaileen elkarretaratzea, gaur, Bilbon. BERRIA
Garbitzaileen elkarretaratzea, gaur, Bilbon. BERRIA
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko irailaren 28a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Entzun gaitzatela». Bizkaiko eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek behin baino gehiagotan salatu dute alor horretako langileak «ikusezinak» direla. Gaurkoan, baina, ikusi eta entzun egin dituzte, manifestazio zaratatsua egin baitute Bilbon, ELAk deituta. Sindikatuak lau eguneko beste greba aldi batera deitu ditu langileak, urriaren 1era arte, eta lehenengo greba egunean Zazpikaleetara eraman dituzte euren aldarrikapenak.

Luze jotzen ari da Bizkaiko eraikinetako eta lokaletako garbitzaileen gatazka: 2025eko urtarrilean hasi ziren hitzarmen berria negoziatzen, eta orain arte hamahiru greba egun egin dituzte, negoziazioak ez baitu aurrera egiten. Bizkaian, 11.000 langile ingururi eragiten die garbiketa sektoreko hitzarmenak, eta horietatik gehienak emakumeak dira, eta lanaldi partzialetan aritzen dira.

«Partzialtasuna nagusitzen da sektorean, eta ia ez dago lanaldi osorik, baina ez langileek nahi ez dutelako, baizik eta horretarako aukerarik ematen ez dietelako»

RAQUEL LUIS Garbiketako langilea

Hori da, hain zuzen ere, langileen aldarrikapenetako bat, Raquel Luisek azaldu duenez: «Partzialtasuna nagusitzen da sektorean, eta ia ez dago lanaldi osorik, baina ez langileek nahi ez dutelako, baizik eta horretarako aukerarik ematen ez dietelako». Soldata da beste eskakizun nagusia: egun, gehienez 18.000 euro inguru irabazten dituzte urtean, «eta horrek sekulako zailtasunak sortzen ditu hil amaierara iristeko». Soldata hori gutxienez 22.500 eurokoa izatea galdegiten dute langileek.

Patronalaren erantzuna «eskasa» izaten ari da, eta, esaterako, soldaten arloan ez da 22.500 euroko gutxieneko langa horretara iristen. Baina, gainera, Luisek salatu duenez, langileek orain arte bermatuta zituzten zenbait eskubidetan murrizketak egitea proposatzen dute beste arlo batzuetan aurrerapausoak ematearen truke; adibidez, antzinatasun osagarrietan, edo gaixoaldietarako onartuta dituztenetan. Langileek diote hori ez dela onargarria: «Guk ez dugu murrizketen inguruan negoziatzen».

Ikurrak eta lanbasak

Arriaga plazan elkartu dira garbitzaileak, ELAren ikurrak eta lanbasak eskuetan, eta Zazpikaleetara jo dute, Bizkaiko garbikuntza greban, ez dugu inolako murrizketarik onartuko leloa idatzita daukan pankarta baten atzetik. «Garbitzaileok ikusezinak gara. Entzun gaitzatela!», egin dute oihu megafonotik. Eta hala izan da: Bidebarrieta kalean sartu direnean, edozein gortzeko modukoa izan da turuta eta txilibitu hotsa.

Turistek eta erosketak egiten ari diren herritarrek hartua dute Santiago plaza; manifestazioa hara iritsi denean, turistetako batzuek belarriak estali dituzte, eta beste batzuek argazkiak egiteari ekin diote. «Garbitzaileok borrokan» eta «borroka da bide bakarra» oihuak ozen entzun dira.

Katedrala inguratu ostean, geldialdia egin dute manifestariek Posta kalean, eta handik Plaza Barrira jo dute, eskuorriz eta paper zatiz osatutako arrasto bat atzean utzita. Mobilizazioa Unamuno plazan amaitzea zen asmoa, baina, hara iritsi direnean, ezustekoa topatu dute: Bilboko Udalak ekitaldi bat antolatu du Miguel Unamuno idazlearen jaiotzaren urteurrena gogoratzeko, eta han daude prest mikrofonoak, atrila, lore sortak eta txistulariak.

Plazara sartu dira manifestariak, eta megafonoa zeraman langileak aukera baliatu du euren aldarrikapenak azaltzeko: «Soldata igoera eskatzen dugu, urtean 18.000 euro irabazita ezinezkoa baita bizitzea. Eta lanaldi osoak egiteko aukera ere eskatzen dugu. Patronalak ordu eskas batzuk baino ez dizkigu ematen, gu hobeto zanpatu ahal izateko, horixe baita haien negozio eredua».

Kale batetik Juan Maria Aburto alkatea agertu da, beste zenbait udal ordezkarirekin batera. Plazaren bazter batean geratu badira ere, garbitzaileentzat ez dira oharkabean igaro: «Alkate jauna ere hemen dago, agian guri babesa ematera etorriko zen». Badaezpada, handik urruntzea erabaki dute udal ordezkariek.

«Garbitzaileok ez dugu aukera handirik denak elkartzeko, eta hemen gaudela baliatuta, argazkia egingo dugu». Esan eta egin: Mallonako eskaileretan paratu dira garbitzaileak, eta, argazkia eginda, bukatutzat eman dute protesta.

«Oihartzun zabala»

ELAren esanetan, «oihartzun zabala» izan du grebak lehen egunean. Sindikatuak nabarmendu du deialdiak arrakasta handia izan duela Bilboko kiroldegietan, Arriaga antzokian, Euskalduna jauregian eta itunpeko ikastetxeetan. Espainiako Polizia Nazionalaren egoitzak garbitzen dituzten langileen artean greba ia %100ekoa izan da.

Bilbotik kanpo ere izan du eraginik, eta ELAk Ondarroan, Lemoan, Galdakaon, Durangon eta beste zenbait herritan lortutako oihartzuna nabarmendu du. Bestalde, Ezkerraldean enpresa pribatuetako eta udaletako garbitzaile askok bat egin dute mobilizazioekin, ELAren arabera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA