Lau enpresa zigortu dituzte garraiolari baten heriotzagatik

Langilea 2024ko apirilean hil zen, garraiatu zituen bobinak gainera erori zitzaizkiola eta. Epaiaren arabera, enpresek ez zuten bobinak pilatzeko eta garraiatzeko moduari buruzko informaziorik zabaldu, eta ez zuten lanaren benetako koordinaziorik egin.

TKV taldeko Areazka 2014 enpresako langileek elkarretaratzea egin zuten 2024ko martxoaren 15ean, lan istripua salatzeko. LAB
TKV taldeko Areazka 2014 enpresako langileek elkarretaratzea egin zuten 2024ko martxoaren 15ean, lan istripua salatzeko. LAB
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 28a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2024ko martxoaren 14an, zama gainera erori zitzaion 25 urteko garraiolari bati, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Lan istripuak zauri larriak eragin zizkion, eta apirilaren 9an hil zen. Eibarko (Gipuzkoa) Instantzia Auzitegiko Gizarte Arloko Atalak lau enpresa zigortu ditu langile horren heriotzagatik, CCOO sindikatuak jakinarazi duenez: Orixol Garraioak, Azkamsa, Areazka eta Fagor Ederlan.

Hildakoa Orixol Garraioak enpresako langilea zen. Zama deskargatzen ari zen Fagor Ederlan enpresarentzat, TKV Logistica enpresan, Eskoriatzan. Kamioiaren kutxako atea zabaldu, eta gainera erori zitzaizkion metalezko bobinak. Bobinek buruan jo zuten, eta Gasteizko Txagorritxuko ospitalera eraman zuten. Egun batzuk geroago, hil egin zen.

CCOOrentzat, epaiak «askatu» egin du lan heriotza horren atzean dagoen «azpikontratazio kate konplexua»: Fagor Ederlanek Azkamsa kontratatu zuen logistikaren kudeaketa egiteko; Azkamsak, Orixol Garraioak, materiala garraiatzeko; eta Azkamsak, Areazka 2014, zama kargatzeko eta deskargatzeko. Epaiaren arabera, enpresa horietako bakar batek ere ez zuen egin «koordinazio lan errealik eta eraginkorrik».

Sariak baino %30 gehiago

Ezta legez azpikontratazio kateetarako aurreikusitako «lan arriskuen prebentziorik ere». Enpresek dokumentazioa bidali zioten elkarri, baina auzitegiak uste du ez zela nahikoa izan. Fagor Ederlanek informazioa jaso zuen bobinak pilatzeko eta garraiatzeko moduaz —bobinak ez zirela pilatu behar, besteak beste—, baina lan istripua gertatu eta sei egunera jakinarazi zion Azkamsari. Beraz, Orixol Garraioak eta Areazka 2014 enpresek, azpikontratatu zituztenean, ez zuten informazio hori. Auzitegiak lan baldintzak ez kontrolatzea egotzi dio Orixol Garraioak enpresari.

Ondorioz, lau enpresek lan istripuaren erantzukizun partekatua dutela ebatzi du. Enpresek Gizarte Segurantzak ezarritako sariak baino %30 gehiago ordaindu beharko diete hildako langilearen senideei. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA