Azaroaren 5ean hasi zuten greba Bilboko Indautxu hoteleko gela garbitzaileek, haren jabe berriak, Hotusa-Eurostars taldeak, haien lana azpikontratatzeko asmoa zuela adierazi zuelako. Lau hilabete eta erdi igarota, lanera itzuliko dira orain, beren lanpostuei eustea ziurtatzen dien akordio batekin.Â
ELAk du ordezkaritza Indautxu hotelean, eta hark eman du hitzarmenaren berri. Azaldu duenez, Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmena aplikatuko diete gela garbitzaileei, eta horrela haien lanpostuak azpikontratatzea eragotziko dute.Â
Lorpen nagusien artean, ELAk azpimarratu du aldi baterako kontratuak eta aldizkako kontratu finkoak lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtuko direla, eta hartara «plantillaren egonkortasuna indartu». Halaber, amaitu egingo da sektorean ohikoa den malgutasun «abusuzkoa», egunero lanordu kopuru bera izatea lortu baitute garbitzaileek.
Akordioak aurrerapen «esanguratsuak» jasotzen ditu kontziliazioan eta atsedenaldian ere: arratsaldeko txandaren mugatzea, eta urtean 21 asteburu osorik atseden hartzeko eta norberaren erabilerarako egun eta opor ordainduak udan hartzeko bermea.
Lan kargak ere arinduko zaizkiela ziurtatu du ELAk, batez ere logela bat garbitzeko duten denbora parekatu egingo delako. Orain arte, bizkorrago egin behar zuten garbiketa bezeroak hotelean jarraitzen bazuen, eta horrek gainkarga bat zekarkien langileei. «Berdinketa horrek lanaren antolaketa hobetzen du, presioa murrizten laguntzen du, arrisku fisikoak prebenitzen ditu, eta prekarioa den lanbide bat duintzen du». Gainera, garbiketarako materiala ez dute garbitzaileek egin beharko, valet-ek baizik.Â
ELAk azaldu du enpresak «konpromiso argia» hartu duela greban parte hartu duten langileen aurka errepresaliarik ez hartzeko.Â
«Borroka kolektiboa»
Sindikatua gustura azaldu da lortutakoarekin, eta borrokaren ondorio dela ziurtatu du. «Akordio honek erakusten du antolakuntza eta borroka kolektiboa tresna eraginkorrak direla lan baldintzak hobetzeko, baita zerbitzuak kanporatzen diren testuinguruetan ere». Haren iritziz, aurrekari bat izan daiteke ostalaritzan, prekarizazioari aurre egiteko antolakuntza kolektiboaren beharra indartzen duelako. «Indautxu hoteleko esperientziak erakusten du mobilizazio jarraituak benetako aurrerapenak lortzea eta lan baldintzak hobetzea ahalbidetzen duela»