Irizar E-mobilityko Industria zuzendaria

Jabier Osua Fonturbel: «Lehia globala izanagatik, Europan balioa sortzen segitzen dugu»

Irizar E-mobilityk bere autobus berria aurkeztu du duela gutxi. Lehia gero eta handiagoa den honetan, Osuak konfiantza du bezeroei eskaintzen dieten gertutasunean.

Jabier Osua Fonturbel. IRIZAR E-MOBILITY
Jabier Osua Fonturbel. IRIZAR E-MOBILITY
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irizar Ie Tram Efficient bus berria Parisko azokan erakutsi berri du Irizar E-mobilityk. Eredu berriaz, Irizarrek ibilgailu elektrikoen alde egindako apustuaz eta txinatarren lehiaz hitz egin du BERRIArekin Jabier Osua konpainiako industria zuzendariak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1989).

Ze eskari bete asmo dituzue autobus berriaren bidez?

Ibilgailu berriak barne hartzen du 2011. urteaz geroztik bildu dugun ezagutza guztia, Europako 55 hiritan egindako berrehun milioi kilometroen esperientzia. Lau ardatzetan laburtuko nituzke haren ezaugarri nagusiak. Lehenik, efizientzia eta jasangarritasuna. Lortu dugu ibilgailu berriaren kontsumoa %10 apalagoa izatea, eta pisua 1.000 kilo gutxitzea; klimatizazio sistema berri bat dauka, eta propultsio sistema berri bat. Horren guztiaren emaitza 400 kilometrotik gorako autonomia duen autobus bat da. Gainera, %50 handitu dugu material birziklatuen erabilera. 

Bigarrenik, fidagarritasuna. Autobusak diseinu berria dauka, ikusgaitasuna handitzea lortzen duena. Batez ere, gidariari ikuspegi panoramiko hobea eskaintzen dio, eta ikusgaitasun angelua hobetzen dio. Gidari postuak Alemaniako VDV araudi estandar zorrotzak betetzen ditu. Eta, fidagarritasunaren barruan, garrantzi eman diogu mantengarritasunari ere, batez ere ekipamenduetarako sarbidea hobetuta, karrozeriako elementuak errazago ordezkatu ahal izateko.

Zein dira beste bi ardatzak?

Bata, bidaiarien esperientzia hobetzea, eta bestea, berriz, diseinua. Bidaiarientzako ate zabalagoak diseinatu ditugu, eta, horrela, fluxua hobetu dugu, aurreko plataformarekin alderatuta %5 bidaiari gehiago sartzen baitira. Barrutik, autobus hau argitsuagoa da, eta leku gehiago ere badago. Eta erosoagoa ere bada; ibilgailua arinagoa denez, eta altueraz txikiagoa denez, gidatze dinamiko hobea dauka eta, orokorrean, erosotasun handiagoa. Gidariak nabarituko du, eta bidaiariek ere bai. 

Eta diseinuari ere garrantzia handia eman diogu. Bi eredu ditugu: Irizar Ie Bus eta Irizar Ie Tram. Ie Bus izenekoak Irizar markako autobusen lerroari jarraitzen dio, eta Ie Tram izenekoak, berriz, tranbiaren estetikari. Erabaki dugu Ibilgailu berrian Ie Tram ereduaren diseinu hori mantentzea. Bere garaian hiri moderno asko liluratu zituen, bere itxura dotore eta abangoardista horrekin, eta Efficient lerroko Ie Tramean hori ez galtzea erabaki dugu. 

Ibilgailuaren pisua 1.000 kilo murriztea garrantzitsua da, ezta? 

Egituraren kontzeptu berri bati esker lortu dugu pisua murriztea, eta horrek hainbat abantaila dakartza: autobusa, arinagoa izanik, errazagoa da gidatzeko, eta erosoagoa barruan doazen bidaiarientzat. Eta bidaiarien kopurua igo dezakegu: 12 metroko kotxeetan, 105 bidaiari eraman ditzakegu, eta 18 metroko plataforman, 150 bidaiari ere har ditzakegu. Gainera, pisu murrizketa horri esker, modua egin dugu kontsumoa %10 apaltzeko. 

Bateriak moda-modan daude. Zuek bateria propioak dituzue zuen autobusetan. 

Bai. 2014. urtean hasi genuen proiektua; bateria propioak garatu nahi genituen gure teknologiaren eta zerbitzuaren kontrola izateko. Cidetec zentro teknologikoaren laguntzarekin, hirugarren bateria belaunaldia daukagu merkatuan gaur egun, eta hiru kimika eskain ditzakegu: LTO [litio titanatoa], LFP [litio ferrofosfatoa] eta NMC [nikela, manganesoa eta kobaltoa]. Gero, bateriei beste bizialdi bat ematen diogu, energia biltegiratzeetan. 

Txinako autobusgileak indar handiarekin sartu dira Europan. Nola daramazue lehia hori? Zertan dira haiek onak?

Egia, halaxe da. Txinatarrek Europako autobus elektrikoen matrikulazioen %33 egiten dituzte dagoeneko. Haien sarrera izugarri azkarra izaten ari da. Egia da. aldi berean, haiek beste arau batzuk izan dituztela, eta muga gutxiago; badituzte esportaziorako laguntzak ere. Eta bai, lehia gogorra da. Baina, hor ,gure balio erantsia bezeroengandik gertu egotea da, eta fase guztietan produktu bikain bat ematea, noski. Zerbitzua gertukoa izatea, eskaerei azkar eta sendoa erantzutea. Bezeroek eskertzen dute, eta horren froga da askotan, gehienetan, behin gure proiektuaren alde egin dutenek berriro jotzen dutela guregana. 

Elektrikoetan apustu handia egin zenuten bere garaian. 

2011. urtean iritsi zen bultzada estrategiko hori, elektromugikortasunean sartzearena, eta 2016aren amaieran Irizar E-mobility sortu zen. Gaur egun, guztiz elektrikoak diren autobusak ekoizten ditugu Adunan, Gipuzkoan. Ia laurehun pertsona gara, eta oso harro gaude horretaz. Hemen egiten ditugu hasieratik amaierara, hemengo ikerketa zentroekin, herriko hornitzaileekin, eta, hala, aberastasuna sortzen da. Lehia globala izanagatik, Europan balioa sortzen jarraitzen dugu.

Autobus autonomoak garatzen ari zarete? Nola dago arlo hori?

Hor erronka handiena lege ikuspuntutik etor daiteke. Guk ikusten dugu automatizazio funtzioak ezarri ditzakegula baina inguru kontrolatuetan; adibidez, kotxe tokietan ibiltzeko. Hor 3-4 automatizazio mailetan geundeke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA