LHKren arabera, lan gatazken intentsitateak behera egin du aurten

Lanuzteak ia %70 ugaritu diren arren, lan egin gabeko jardunaldiak laurden bat gutxitu dira. Soldatapeko bi langiletik batek luzapenean du haren hitzarmena. Indarrean dauden itunetan soldatak %3,09 igo dira batez beste.

ELA sindikatutako ordezkari batzuk martxoaren 17ko greba orokorrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
ELA sindikatutako ordezkari batzuk martxoaren 17ko greba orokorrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko uztailaren 20a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Greba deialdi gehiago, baina motzagoak. LHK Lan Harremanen Kontseiluak ondorioztatu duenez, lan gatazkek behera egin dute aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehen lau hilabeteetan, LHKk 111 lanuzte zenbatu ditu, iaz baino %68,2 gehiago, baina lan egin gabeko egunak %25,6 gutxiago izan direla nabarmendu du.

Guztira, 9.174 langilek hartu dute parte grebetan, eta ia 97.000 lanaldi galdu dira urteko lehen lau hilabeteetan.

Beheranzko joera izan dute, halaber, Preco lan gatazken bitartekaritza zerbitzura bideratutako auziak. Urteko lehen seihilekoan 263 gatazka kolektibo jaso ditu, iaz baino %5,4 gutxiago

LHKk beste datu bat nabarmendu du bere txostenean: negoziazio kolektiboa motel dabil oraindik. Ekainaren amaieran 614 hitzarmen zeuden indarrean hiru lurraldeetan, eta 335.580 langileri eragiten zieten. Baina beste 803 hitzarmen berritzeko daude oraindik, luzapenean, eta haien babespean daude 310.575 langile. Horrek esan nahi du soldatapeko bi langiletik batek lan ituna berritu gabe duela.

Soldatak inflazioaren pare

Urtearen lehen erdian 135 hitzarmen berri erregistratu dira, eta akordio horiek 51.368 langileri eragiten diete.

Negoziazio kolektiboak urte erabakigarria izango du aurten. Langile gehien biltzen duten bi hitzarmen nagusiren negoziazioak hasi dituzte: Bizkaiko metalgintzakoa —57.000 langileri eragiten die— eta Arabako metalgintzakoa —25.000ri—. Biak iraungita daude, eta luzapenean daude oraindik ere.

Soldatei dagokienez, indarrean dauden hitzarmenek %3,09ko batez besteko igoera jasotzen dute. EAEkoetan handiagoak dira (%3,2) —ekaineko inflazioaren pareko— estatu mailakoetan baino (%2,87).

Enplegua erregulatzeko espedienteek ere behera egin dute. Urteko lehen bost hilabeteetan 119 espediente erregistratu dira, iaz baino %20,7 gutxiago, eta 2.814 langileri eragin diete, %15,3 gutxiagori. Gehienetan enpresek arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzte.

Lan merkatuaren gainerako adierazleek, berriz, berdintsu daude, LHKk azaldu duenez: urtarriletik maiatzera lan istripuak %3,5 gutxitu direla dio, Gizarte Segurantzako afiliatutakoen kopuruak %1,5 egin duela gora, baina langabezia erregistratua apur bat handitu dela, %0,8.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA