Pentsioak batez beste ia 60 euro handituko dira datorren urtean Hegoaldean

Azaroko datuaren faltan, azken urteko bataz besteko inflazioa %3,5 da, eta igoera hori aplikatuko zaie pentsioei. Batez besteko pentsioak 1.700 euroak gaindituko ditu.

Pentsiodun batzuk Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Pentsiodun batzuk Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko urriaren 30a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herrian batez besteko pentsioak 1.600 euroren langa gainditu du aurten, eta koska bat gora egin eta 1.700 euroren langa gaindituko du datorren urtean: %3,5 inguru handitzekoak dira; 58 euro. Hori horrela, batez besteko pentsioa 1.722 euroraino igoko litzateke.

Espainiako Gobernuak pentsioak kalkulatzeko sistema berria ezarri zuen 2022an, eta urteko batez besteko inflazioaren arabera kalkulatzen da: zehazki, 2027koa zehazteko, 2025eko abendutik 2026ko azaro arteko hilabeteetako Espainiako batez besteko inflazioa hartuko da kontuan. INE estatistika erakundeak gaur eman du urriko datu aurreratua, %4,9koa, eta azarokoa falta bada ere, jada nahiko garbi dago urteko batez bestekoa %3,5aren bueltan egongo dela, hamarren bat gora edo behera. 

Pentsio guztien artean gehienak eta handienak erretiro pentsioak dira — guztien %68—. Urriaren 1eko datuen arabera, 506.443 erretiro pentsio ordaintzen ditu Espainiako Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian, eta batez beste 1.881 eurokoak dira. Hala, horien kasuan 66 euro handituko lirateke urte hasieran, 1.947 euroraino.

Erretiratuen artean, ordea, badira mila euro inguruko pentsioa jasotzen dutenak ere. Autonomoen artean, esaterako, 1.120 euro da gaur egun batez besteko pentsioa Hego Euskal Herrian. Datorren urtean, 39 euro gehiago jasoko lituzkete. Guztira Hego Euskal Herrian halako  97.295 pentsio daude.

Alargunek ere kopuru horien bueltako pentsioak jasotzen dituzte. Irailean, batez beste 1.152 euro jaso zituzten, eta datorren urtearen hasieran 40 euro gehiago patrikaratuko lituzkete hilean, 1.192 euroraino. Gaur egun 162.446 alargun pentsio daude.

Inflazioa maila berean

Gorteetarako hauteskundeak azaroaren 29ra aurreratzearen ondorioz, Espainiako Gobernuak bozen ondoren eguneratu beharko ditu pentsioak, eta hala egingo duela hitz eman du gainera. Izan ere, INEk hauteskundeak baino bi egun lehenago jakinaraziko du KPIaren hurrengo eguneraketa, eta datu hori beharko du Pedro Sanchezen gobernuak datorren urte hasierako pentsiodunen sariak kalkulatzeko.

Urriko inflazioa ez da hamarrenik igo Espainian, eta %4,9an mantendu da. Irailean igoera handia izan zuen, energien garestitzearen ondorioz, baina gobernuak urriaren hasieran berritu zuen gasolioaren deskontua eta bost zentimotik hogeira handitu zuen gasolinarena; horrek, neurri batean, gelditu egin du inflazioaren igoera.

INEk azaroaren 13an zehaztuko du urriko KPIa; orduan jakin ahal izango da zein izan den kontsumo produktu nagusietan, eta Hego Euskal Herriko inflazioa zenbatekoa izan den. Irailean, %5,1era igo zen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA