Sindikatuek mezu argia bidali diote Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroari: ez dituzte murrizketak onartuko, eta ez dira neurri sinboliko batzuekin aseko. Milaka jende atera dira karrikara intersindikalak antolatutako greba egunean, eta uko egin diote Frantziaren defizita langileen bizkar ezartzeko Frantziako Gobernuaren borondateari. «Haustura» bat behar dela erran du Sophie Binet CGTko idazkari nagusiak.
CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek antolatuak zituzten mobilizazioak, eta hiri nagusietan ez ezik landa eremuetan ere izan dira protestak. Milioi batetik gora herritar atera dira karrikara CGT sindikatuaren erranetan; erdiak Poliziaren arabera.
Goizean goizetik blokeatze ekintza batzuk egiten saiatu dira zenbait lekutan, eta batzuk ere gertatu dira Poliziarekin istilu; 80.000 polizia, blindatuak eta ur kanoiak mobilizatu ditu Barne Ministerioak manifestariei aurre egiteko. Arratsaldean, SUD sindikatuko trenbideetako langileak Ekonomia eta Finantza Ministeriora sartu dira protestan.
«Aurrekontu justuak»
Herrialdearen defizit publikoa BPGaren %5,8 izan zen iaz, hau da, Europako Batasuneko arau fiskalek gomendatzen dutenetik —%3tik— urrun; eta Lecornuren aurrekoak, François Bayrouk, uztailean zor publikoa arintzeko ezarritako 43.800 milioi euroren murrizketek ez zuten harrera ona izan.
Besteak beste, pentsioak, gizarte laguntzak eta funtzionarioen soldatak izoztea aurreikusten zuen lehen ministro ohiaren proposamenak, baita zerbitzu publikoetarako diru sailak murriztea ere. Oposizioak mehatxu egin zion zentsura mozio bat aurkeztuko zuela, eta, azkenean, lehen ministro ohiak konfiantza mozioa aurkeztu zuen Asanblea Nazionalean. Galdu egin zuen, alde handiz galdu ere.
Bineten hitzetan, ez da nahikoa lehen ministroa aldatzea eta Bayrouk udan iragarritako zenbait neurri arintzea. «Itsuskeria hau osoki ehortzi behar da: erretreten erreforma bertan behera utzi behar da; baliabideak behar dira zerbitzu publikoetarako, osasunerako, eskoletarako; eta lansariak eta pentsioak igo behar dira». CFDTk ere «aurrekontu justuak» galdegin ditu: «Langileok ezin gara izan faktura ordaintzen dugun bakarrak», Marylise Leon sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan.
Aberatsenen zergak
Ezkerrean, aberatsenen gaineko zergak emendatzea proposatu dute finantzen egoera hobetzeko, hala nola Zucman zerga aplikatzea, 100 milioi euro baino gehiagoko ondarea dutenek beren fortunaren %2 zergetan ordain dezatela proposatzen duena. IFOP institutuak atzo egindako inkesta baten araberan, Frantziako herritar gehienak horren alde daude.
Halaber, enpresa handienei «inolako kontrolik gabe» ematen zaizkien laguntzak ere arbuiatu dituzte ezkerreko indarrek. Senatuko batzorde baten arabera, urtero 211 mila milioi euroko laguntza jasotzen dute, baita irabaziak lortu arren langileak kanporatzen dituzten enpresek ere.