Maderas de Llodioko gatazka ez da amaitu. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Garnica taldeak Laudioko (Araba) lantegian ezarritako enplegua erregulatzeko espedientea, eta egin asmo zituen 39 kaleratzeak «bidegabeak» direla ondorioztatu du. Horrek, baina, ez ditu zertan baliogabetu. Otsailaren 10ean iritsi zen kasua epaitegira, eta gaur egin du publiko ebazpena.
Auzitegiak ebatzi du Garnicak aurkeztutako espedientea ez datorrela bat zuzenbidearekin. Bestela esanda, epaimahaiaren iritziz, zuzendaritzak kaleratze espediente bat aplikatzeko eman zituen arrazoiak ez daude behar beste egiaztatuta. Hori dela eta kaleratzeak «bidegabetzat» jo ditu. Sindikatuak sententzia aztertzen ari dira, haien helburua baitzen kaleratzeak «baliogabetzat» jotzea, bata eta bestearen arteko aldea ez baita nolanahikoa.
Enpresari dagokio orain epaia betetzea. Kaleratutako beharginak berriro onartzea legoke aukeren artean, eta hala eskatuko dute sindikatuek. Hala ere, kaleratzeak bidegabeak direnean, enpresak ez du zertan hori egin; nahi izanez gero, kaleratzeak egin ditzake, baina kaleratze bidegabeei dagokien kalte ordaina eman behar die langileei —gutxienez 33 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, eta 24 hilabetez gehienez—, kaleratze arruntari dagokiona baino apur bat hobea —20 eguneko soldata— .
Aldiz, kaleratzea baliogabea denean, enpresa derrigortuta dago langilea hartzera. Horrez gain, atzeratutako ordainketa guztiak eman behar dizkio eta ezin du berriro erregulazio espedienterik erabili behargin hori kaleratzeko.
Ikusi gehiago
Langileek agerraldia egingo dute bihar eguerdian Laudioko Herriko Plazan, epaiaren gaineko balorazioa egiteko eta egingo dituzten hurrengo urratsen berri emateko.
AEBetako funts baten esku
Irailean jakinarazi zuen Garnica taldeak Maderas de Llodioko enplegua erregulatzeko espedientea. Geroztik greba mugagabean daude langileak; gaur 153. eguna bete dute.
Espediente horren bidez, Garnicak Laudioko lantegiko produkzioaren zati bat (%40) taldearen beste zentro batzuetara eraman nahi zuen, eta 39 langile kaleratu —guztira 150 ditu—. Zuzendaritzak produktibitate eta antolaketa arrazoiak argudiatu zituen bere erabakiaren berri eman zuenean. Arabakoaz gain, beste sei planta ditu taldeak, lau Espainian eta bi Frantzian. Laudion egurrezko xafla kontratxapatuak ekoizten dituzte, pinuzkoak gehienbat.
Maderas de Llodio Errioxako Garnica taldearen barruan dago 2018az geroztik. Gaur egun, Carlyle AEBetako funtsak du Garnicaren kapitalaren %70 inguru, baina Garnica familia oraindik akziodunen artean dago.