Botatako langileak «berehala berriz hartzea»: hori da Maderas de Llodioko langileen batzordeak zuzendaritzari egin dion eskakizuna. Atzo, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Garnica taldeak Laudioko (Araba) plantan egin zituen kaleratzeak «bidegabeak» zirela, eta langile batzordeak «positibotzat» jo du epaia. Gaur egin dute langileek prentsaurrekoa, Laudion, eta itxaropentsu agertu dira.
Langileentzat, auzitegiaren sententzia «argia» da: «Kaleratzeak ez daude justifikatuta». Esan dute frogatuta geratu dela enpresak enplegua erregulatzeko aurkeztutako arrazoiak ez datozela bat enpresaren errealitatearekin. «Egiaztatu gabe geratu dira Laudioko zuzendaritzak argudiatu izan dituen lantegiaren kostuaren igoerak, baita antolaketa eta ekoizpen arrazoiak ere».
Irailean jakinarazi zituen Garnica taldeak Laudioko lantegian 39 lanpostu kendu nahi zituela, produktibitate eta antolaketa arrazoiak zirela medio. Urrian egin zituen kaleratzeak: 35 langile bota zituen azkenean. Langileak greban hasi ziren kaleratzeen berri jakin zutenean, eta oraindik eutsi egin diote, 150 egun baino gehiago igaro diren arren.
Langileen ordezkarien arabera, auzitegiaren ebazpenak «indartu» egin du langileek gatazkaren hasieratik hartutako posizioa. Batzordeak gaineratu du gatazka honen irtenbidea enpresaren esku dagoela orain: «Ez dago zuzendaritzak hartu duen erabakia sostengatzeko justifikazio objektiborik. Kaleratutakoak berriro hartzeko eskatzen dugu. Badute horretarako aukera».
Ez derrigorrean
Enpresari epaia betetzea dagokio orain, baina horrek ez du esan nahi kaleratutako langileak berriro hartu beharko dituenik derrigorrean. Kaleratzea baliogabea denean bakarrik gertatzen da hori. Kasu honetan, ez da baliogabea, bidegabea baizik, eta, nahi izanez gero, kaleratzeak egin ditzake, langileei kalte ordain handiagoa ordainduta. Kaleratze arruntetan, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko soldata ordaintzen zaio langileari, eta gehienez 24 hilabeteko saria jaso dezake. Kaleratze baliogabeetan, berriz, 33 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko.
Baina kaleratzeen aurka egiten jarraituko dute langileek. Langileen batzordearen arabera, enpleguen defentsak lehentasunezkoa izan beharko luke instituzioentzat, eta iragarri dute bilerak eskatuko dituztela ordezkari instituzionalekin. Garnica taldeari ere exijitu diote «arduraz jokatzeko, egindakoa zuzentzeko eta sindikatuekin negoziatzera esertzeko».
Guztira 150 langile ditu Maderas de Llodiok, eta egurrezko planta kontratxapatuak ekoizten ditu. Errioxako Garnica taldearen barruan dago 2018az geroztik.