Iranen aurkako gerrak energiaren prezioak handitu ditu berriro, baina haren eragina artean ez da nabaritu Hego Euskal Herriko lan merkatuan, eta aurtengo martxoa ohi bezalakoa izan da. Enplegu sorrera sendoa izan da, 6.645 afiliatu gehiago irabazi baititu Gizarte Segurantzak. Baina langabezia bulegoetako zerrendetan ez da halako datu onik etorri; are gehiago, otsailean baino 28 lagun gehiago ageri dira langabe gisa erregistratuta.
Berez, 2026. urtea ohikoak diren parametroetatik doa oraingoz: urtarrilean —eta aurtengoa bereziki beltza izan da—, langabe kopuruak gora egin ohi du (+837, aurten) baina, batez ere, enplegu galera handia izaten da (-14.863), Gabonetako kanpainaren amaierari lotuta, besteak beste. Ondoren, otsailean, lan merkatua hobera egiten hasten da, eta martxoan joera horri eusten dio.
Horrela, 2025eko abenduko mailan dago orain langabe kopurua, baina oraindik 2.600 enplegu gehiago behar dira orduko kotizatzaileen mailara iristeko. Joera aldatzen ez bada, apirilean gertatuko da hori: azken bost urteetan, batez beste, 4.700 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak hilabete horretan.Â
Langabezia jaitsi egin da Nafarroan (-152) eta Gipuzkoan (-14), baina pixka bat handitu da Araban (+47) eta Bizkaian (+146). Aldiz, iazko martxoarekin alderatuz gero, lau lurraldeetan apaldu da.Â
Sexuari dagokionez, martxoan ez da alderik izan, eta langabe erregistratuen %59 emakumeak dira, eta %41 gizonak.
%55,8Zenbat langabek ez zuten saririk jaso. Otsailean, langabeen erdiak baino gehiagok (%55,8) ez zuten jaso langabeziari lotutako saririk. Sari arrunta ia hirutik batek jasotzen du, eta beste %11,3k, berriz, hura agortzean jasotzen den subsidioa (480 eta 570 hil artean).Â
Lan merkatuaren analisia egitean, sindikatuek nabarmendu ohi duten alderdietako bat da kontratu gehienak aldi baterakoak direla oraindik. Hala da, baina 2026ko lehen hiru hilabeteetan goranzko joera txiki bat dute kontratu mugagabeek. 2025ean, kontratu guztien %22 izan ziren finkoak, baina aurten %24,3 izan dira, iazko hiru hilabeteetan baino pixka bat gehiago (%23,9). Batezbesteko horrek udan egin ohi du behera, sasoi horri lotutako kontratuak direla eta.
Gizarte Segurantzaren atal guztiek irabazi dituzte kotizatzaileak, nekazarien atalak izan ezik (-107). Berdelaren eta antxoaren arrantzaldiaren hasierarekin batera, itsasoko langileen erregimenak izan du igoera erlatibo handiena (+406), baina, azken urteetako joera orokorraren aurka, afiliatuak irabazi dituzte autonomoen erregimenak (+510) eta etxeko langileen atalak ere bai (+320).
Erreakzioak
Emaitzak ikusita, gustura azaldu da Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordea. Garrantzia kendu dio bere eremuan langabe kopurua pixka bat ugaldu izanari —«ohiko dinamika da sasoi honetarako»—, eta nabarmendu du urte arteko tasan langabe kopurua apaldu dela, lanpostuen sorrerak «oinarri sendoa» duela eta laneko egonkortasuna «hobetzen» ari dela. Hori bai, aitortu du «adi» daudela Iraneko gerraren eragina dela eta.
Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Enplegu kontseilariak «joera onean» ikusten du lan merkatua, eta azaldu du aurten aurreko urteetan baino gehiago jaitsi dela langabezia herrialde horretan.Â