Urtarrilean aurreratutako kontratazioei zenbakiak jarri dizkio Mercedesek. Seiehun langile kontratatuko ditu uda hasieran, uztailean hasi nahi baitu furgoneta elektriko berria ekoizten Gasteizko lantegian. Aldi baterako kontratua egingo die, eta gutxienez urtearen amaiera arte arituko dira lanean. Fabrikan 5.000 lagun inguruk egiten dute lan.
Gaur egun bostehun furgoneta ateratzen dira egunero Arabako lantegitik, baina uztailaren erdialdean egunean zazpiehun egitea da Alemaniako multinazionalaren asmoa. Hau da, gaur egungo errekuntza motorreko ibilgailuei —Clase V eta Vito— eta eVito elektrikoari batuko zaizkio VLE modelo elektrikoarenak ere.Â
Ekoizpena handitze aldera, gaueko txanda berreskuratuko du enpresak muntatze katean ere. Joan den martxoan eten zuen, lantegia modelo elektrikorako egokitu behar zuelako eta bere oraingo modeloen eskaera txikitu zelako. Azken hilabeteetan, 8,5 orduko bi txandatan aritu dira muntatze kateko langileak, baina hirutan margoketa atalekoak. Â
Larunbateko txandak ere berreskuratu zituen fabrikak joan den urtarrilean, eta urte osoan haiei eustea da asmoa.
Bi motor aukeran
Gasteizko lantegiko sindikatuekin gaur egindako bileran, Mercedeseko zuzendaritzak azaldu die aurten 132.137 furgoneta egiteko helburua daukatela, eta horietatik 11.000 izango direla VLE modelo elektrikoarenak. Azken ibilgailu hori datorren hilean aurkeztu behar dute, Stuttgarten (Alemania). Irailean hasi ziren lehen aleak ekoizten, eta aurki hasiko dira seriean egiten.
Hasieran, VLE modeloa erabat elektrikoa izango da, baina Mercedesek iragarri du errekuntza motor berri batekin ere eskainiko dutela aurrerago.Â
Kate berean motor bateko edo besteko ibilgailuak egiteko gai izango da Mercedes, «erabateko malgutasunarekin». Enpresak mila milioi euroko inbertsioa egin du Gasteizko lantegian instalazioak handitzeko eta behar berrietara egokitzeko.Â
Â