Michelineko langile batzordeak ontzat hartu du kaleratze plana

Pneumatiko egileak 150 lanpostu kenduko ditu Gasteizko fabrikan, errelebo kontratuen eta adostutako kaleratzeen bitartez.

Michelin
Michelinen Gasteizko lantegia, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 5a
12:25
Entzun

Zatiketa handiarekin izan bada ere, Gasteizko Michelineko langile batzordeak onartu egin du lan taldea txikitzeko zuzendaritzak egindako proposamena. Hamabi boto izan dira zuzendaritzaren planaren alde (CCOO, UGT eta CSIF sindikatuena), bederatzi aurka (ELA, LAB eta ESKrena) eta bi abstentzio. Beste lau kidek ez dute bozketan parte hartu.

Horrenbestez, Frantziako multinazionalak 150 lagun kaleratuko ditu Gasteizko fabrikatik. Kaleratze «ez-traumatikoak» izango direla nabarmendu du zuzendaritzak, hau da, enpresa uzteko edo harekiko harremana laburtzeko boluntarioak bilatuko dituela. Interesatuek urtarrilaren 7ra arteko epea eman nahi zien langileei beren burua aurkezteko, baina urtarrilaren 15era arte luzatu dute.

Hiru sistema proposatu ditu horretarako: errelebo kontratuak, adostutako kaleratzeak eta beste lantegi batzuetara joatea.

Errelebo kontratua 1962. urtean jaiotakoei eskainiko diete. Onartuz gero, %20ko lanaldia egingo lukete erretiroa hartu arte.

Adostutako kaleratzeei dagokienez,  lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko soldata eskaini die Michelinek aukera hori hartzen dutenei, baina bi mugarekin: gehienez hemezortzi hileko soldata edo 75.000 euro ordainduko dizkie.

Beharginen beste talde bat Espainiako eta Portugalgo lantegietara bidali nahi du Michelin, ikusten baitu horietako batzuetan badela lantaldea handitzeko aukera. Pentsa daitekeenez, Lasarte-Oriako lantegia (Gipuzkoa) ez dute aukeren artean izango, han 26 lanpostu kendu nahi dituela iragarri baitu multinazionalak.

Ekoizpen txikiagoa 2024an

Enpresako zuzendaritzak argudiatu du pneumatikoen salmenta jaitsi egin dela azken hilabeteetan, eta ekoizpena eskarira egokitu behar duela. Hain zuzen ere, lan taldea gutxitzeko akordioarekin batera, hurrengo urterako egutegia adostu du enpresak sindikatuekin. Autoentzako zortzi milioi pneumatiko egingo dituzte —8,8 milioi egitekoak ziren aurten, nahiz eta azkenean gutxiago izango diren—, eta 75.000 tonatik 65.000 tonara jaitsiko da ingeniaritzako zibileko ibilgailuentzat egindakoak. Azken urteetako ekoizpenik txikienak dira.

4.000

Euskal Herrian 4.000 langile ditu Michelinek. Lasarte-Orian (Gipuzkoan) 500 langile ditu Michelinek, eta motorrentzako pneumatikoak egiten dituzte. Gasteizen, berriz, autoentzako pneumatikoak ez ezik, ingeniaritza zibileko gurpil erraldoiak ere egiten dituzte 3.500 langilek.

UGTk eman du akordioaren berri, eta ontzat hartu du adostutakoa. «Mehatxuaren eta gatazkaren aurka, elkarrizketa eta negoziazioa da irtenbidea», aldarrikatu du. Azpimarratu duenez, elkarrizketaren bitartez lortu dute «irteera traumatikoak eragoztea». Izan ere, larunbat honetarako ados jarri izan ez balira, Michelinek iragarri zuen 150 langile bota egingo zituela. 

Prozesuari buruzko oso bestelako iritzia plazaratu zuten atzo ELA, ESK eta LAB sindikatuek. Agiri baten bidez, «antzerkia» egitea egotzi zioten zuzendaritzari, eta salatu zuten ez zietela kaleratzeak arrazoitzen dituen dokumenturik aurkeztu.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.