Eusko Jaurlaritzak «urrats erabakigarritzat» jo du Lemoizko (Bizkaia) zentral zaharraren lurrak Azpilur —lehen Sprilur— enpresa publikoari eskualdatzea onartu izana. 2017an iragarri zuen han arrain haztegi bat jartzeko asmoa. Orain hartutako erabakiak egoera «desblokeatu» eta «instalazioak egokitzeko lanak hasteko aukera emango du, etorkizuneko akuikultura proiektuak hartzeko», Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak adierazi duenez. Bitartean, zentralaren kanpoko dikea sendotzeko lanek aurrera jarraitzen dute.
Erlazionatuta
Lemoizko zentral nuklearra izateko eraiki zen porlanezko azpiegitura erraldoia hilotz dago 1980ko urteetatik. Tarteka egin izan dira hura zerbaitetarako erabiltzeko proposamenak, askotariko jarduerekin lotutakoak: industria, ingurumena, ondarea, artea, kultura eta memoria, besteak beste. Baina, urte hauetan guztietan ez da proiektu zehatzik aurkeztu. Eusko Jaurlaritzak esku artean du han arrain haztegi bat jartzeko proiektua; 2017an jakinarazi zuen. Orain gutxi arte, ordea, ez dute horretarako pauso erabakigarririk eman.
Gaur iragarritako lanak ondorengo jarduketen aurreko urratsa dira. Izan ere, akuikultura proiektuak instalatzeko, espazioa egokitzeko aukera emango dute. Jaurlaritzako iturriek zehaztu dutenez, dagoeneko «zortzi enpresak» agertu dute proiektuan inbertitzeko interesa. «Estatuak lurrak EAEri eskualdatzean ezarritako klausulekin bat dator, klausula horiek espazioa jarduera mota honetarako soilik erabiltzea ezartzen baitute», erantsi dute.
«Garrantzi handiko urratsa da: bi urteko lanaren emaitza da, eta akuikulturan inbertsio berriei atea irekitzen die», nabarmendu du Barredok. Bestalde, Azpilurrek 2025aren amaieran kanpoko dikea konpontzeko lanak esleitu zituen, ia 2,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Lanak dagoeneko hasi dira, eta hamar hilabete inguru irautea aurreikusten dute. Jarduketen artean, kanpoko ezponda indartzea dago: kalteak dituen dike zatiko 200 metrotan 45 tonako dentsitate handiko hormigoizko 415 bloke jarriko dira. Gainerako ehun metroek jatorrizko egitura mantenduko dute, kareharrizko blokeekin egina.
«Jaurlaritzarena da erabakia»
Jaurlaritzak behin betiko itxi dio atea Uribe Kostako eta Mungialdeko alkate batzuek —EH Bildukoak eta independenteak— duela aste batzuk egindako proposamenari. Lemoizko zentralaren etorkizuna erabakitzeko prozesu parte hartzaile bat abiatu zezala eskatu zieten agintariei, Busturialdean Guggenheim museoaren inguruan egin denaren parekoa. Joan den astean, Mikel Jauregi Industria sailburuak ere uko egin zion alkate horiek eskatutako prozesu parte hartzaileari, eta esan zuen Jaurlaritzak erabakitzen duela industria politika.
Bitartean, Lemoizko zentralerako beste proiektu bat aztertzen ari direla aurreratu zuen Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak, otsailaren 25ean. «Eremu zabala dago, eta arrain haztegia bateragarria da industria arloko beste proiektu batzuekin», adierazi zuen hark. Bigarren egitasmoa «konfidentziala» da gaur egun, sustatzaileak hala eskatu baitu. Oraingoz, «ikerketa fasean» dago.