Mikel Larrea izango da Konfekoopeko zuzendari berria

Iñaki Nubla ordezkatuko du karguan, urtarriletik aurrera. Eroskin egin du bere ibilbide profesionala Larreak.

Mikel Larreak Eroskin egin du bere ibilbide profesionala. KONFEKOOP
Mikel Larreak Eroskin egin du bere ibilbide profesionala. KONFEKOOP
aitor biain
2025eko irailaren 11
14:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak lemazain berria izango du urtarriletik aurrera. Mikel Larrea Azpeitia izango da elkarteko zuzendaria, Iñaki Nublari lekukoa hartuta. Uztailean hartu zuen erabakia kontseilu errektoreak, udako opor egunen aurretik egindako bileran, baina gaur eman du horren berri.

Kooperatiben mundua ongi ezagutzen du Larreak, urte luzez aritu baita Eroskin lanean. Logistikaren arloan jardun zuen 21 urtez, eta banaketa kooperatibako idazkari nagusi izendatu zuten gero. Kargu horretan eman ditu azken hamabi urteak, hain zuzen ere, eta horri esker harreman estua izan du kooperatiben elkartearekin, baita kooperatiben mugimenduarekin ere. Bada, Konfekoopek nabarmendu du ezagutza hori lagungarri izango zaiola elkarteari aurrerantzean. 

Izan ere, Larrearekin beste ziklo bat abiatuko du kooperatiben elkarteak. Nublak bost urte eman ditu Konfekoopeko zuzendari karguan, baina erretiroa hartuko du urte amaieran. Aurrez, Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioko idazkari teknikoa izan zen 30 urtez. Elkartearen eta kooperatiben mugimenduaren alde egindako lana eskertu dio Konfekoopek Nublari.

Urtarrilaren 1ean egingo dute lekuko aldaketa, baina ordura arte elkarrekin jardungo dute, trantsizio ordenatu eta eraginkorra bermatzeko, martxan dauden proiektuei jarraipena emateko eta maiatzean onartutako 2025-2028 plan estrategiko berria finkatzeko. Konfekoopek azpimarratu du zuzendari aldaketak berretsi egiten duela elkarteak kooperatibismoa bultzatzeko duen konpromisoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.