Mundu osoa Teslaren aurka

Auto elektrikoentzako ahalmen handiko kargagailuen sarea ugaritu behar izateak autogintza enpresen bateratze erraldoiak eragin ditu Europan eta Ipar Amerikan. Tesla aurretik doa, baina hari aurre egiteko batzen ari dira gainontzeko autogileak.

Bi Tesla auto, etxe bereko ahalmen handiko kargailuak erabiltzen. CAROLINE BREHMAN / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Auto elektrikoaren merkatuaren hedapenak beste guda zelai bat ireki du. Auto salmentaren lehian nahikoa sestra ez balego bezala, konpainiek kargaleku lasterren premia eta negozioa ikusi dute. Elon Musk Teslaren fundatzaileak aspaldi aurkitu zuen pagotxa, eta beste konpainiek gaur egun lanak dituzte hari aurre egiteko. Diotenez, ez dago etsai komun bat izatea bezalakorik multzo batean batasuna lortzeko, eta horrek behartu ditu munduko auto ekoizle handienetako zazpi akordio historikoa sinatzera eta AEBetan kargagailu sare erraldoi bat eraikitzera.

BMW Group, General Motors, Honda, Hyundai, Kia, Mercedes-Benz Group eta Stellantis (Fiat, Peugeot, Citroen...) dira konpainia horiek, eta indarrak batu dituzte Ipar Amerikan 30.000 kargagailu bizkor jartzeko. Azaldu dutenez, energia berriztagarriz elikatuko dira. Zazpi enpresetako buruek poza adierazi dute, bakarka hastea erokeria litzateke eta.

Lantalde handia da, baina daudenek adinako zeresana eman dute ez daudenek. Izan ere, Teslak eta Volkswagenek bide hori hasia zuten beren kasa. «Auto elektrikoen karga etorkizuneko negozio garrantzitsuenetakoa da. Funtsezkoa da gure produktu eta zerbitzuak garatzea katearen eremu guztietan». Esaldia Thomas Schmallena da, VW taldeko teknologia batzordeetako kidearena. VW auto ekoizlerik handienetan bigarrena da, eta 2025erako Asian, Europan eta Amerikan ibilgailuak azkar kargatzeko 43.000 gune eraikitzeko akordioak sinatu ditu, besteak beste, Electrify Americarekin.

Kargagailuen merkatuko erreferentzia, dena den, Tesla da, are gehiago AEBetan. Hark du sarerik zabal eta eraginkorrena. Azken hilabetean, lehiakideak bere herrialdean sartzen ikusi ditu, eta indarrez erantzun dio kolpeari, baina ez kopuruz, kalitatearen bidez baizik: Teslak berak ekoitzitako V6 kargagailua. 350 kWko indarra du, eta egun ez dago hainbesteko indarrik behar duen autorik, baina etorkizunean beharko direla aurreikusi dute.

Konfiantza erosleei

Ikerketen arabera, kargatzeko arazoak dira auto elektrikoa erostekotan dabiltzan bezeroen zalantza nagusia. Ondorio horrek kargagailu sarea handitzera behartu ditu autogileak, eta, bide batez, petrolio enpresa-autogile dikotomia haustera. Gasolindegi askotan daude kargalekuak orain, baina argindar konpainiek kudeatzen dituzte.

AEBetan, zazpi auto etxek bat egin dute Teslari aurre egiteko; Europan, baina, aurretik ere egon dira aliantza handiak. 2017an BMW, Mercedes-Benz, Volkswagen eta Ford taldeak elkartu ziren Ionity sortzeko, eta 2020an Hyunday gehitu zitzaien. 1.900 kargaleku dituzte gaur egun autobide nagusietan, eta luze gabe 7.000ra iritsiko dira.

Europan, izan ere, kargaguneak asko ugarituko dira bi urtean. 2025eko abendurako, kargagailu laster bat —150 kilowattekoa gutxienez— egon beharko da 60 kilometroan behin. Europako Batzordeak legez behartuko du; beraz, tokian tokiko gobernuek eta autobideak kudeatzen dituzten enpresek zerbitzu hori nola bermatu erabaki behar dute.

Musk marrazoa ere jakinaren gainean dago, baina. Haren helburuak mundu osorakoak dira, gainera: 2022an 33.657 kargagailu zituen guztira, eta2024aren amaierarako 50.000 nahi ditu. 2025erako langa, berriz, 85.000n jarri du. Goldman Sachsen arabera, 2025ean Teslak 2.800 milioi euro inguru irabaziko ditu kargaren negozioarekin. Alderatzen jarrita, iaz autoen salmentarekin irabazitakoaren %22 da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.