Munduko biztanleen bi heren 2019an baino pobreagoak dira

Oxfamen txostenaren arabera, munduko populazioaren %1ek aberastasunaren %43 kontrolatzen du. Enpresa handiei zerga gehiago eta handiagoak jartzea aholkatu die gobernuei.

Pobrezia
Jakarta kanpoaldeko txabola auzo bat. ADI WEDA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 15a
10:15
Entzun

Munduko populazioaren %1 aberatsenak aktibo finantzarioen %43 kontrolatzen ditu, eta isuri kutsagarrien bi herenen erantzule da. Intermon Oxfam elkarteak urtero Davosko foroaren (Suitza) aurretik argitaratzen duen txostenaren ondorio nagusietako bi dira datu horiek. Desoreka E. A. izenburupean, egoeraren argazkiaz gain pobreziak munduan azken urteetan izan duen bilakaera aztertu du, eta, haren arabera, 4.800 milioi pertsona 2019an baino pobreagoak dira. Alegia, munduko populazioaren %68k duela bost urte baino baliabide ekonomiko gutxiago ditu.

Desoreka horren isla geografikoa agerikoa da. Iparraldean munduko populazioaren %21 bizi da bakarrik, baina aberastasun pribatuen %69 harena da, eta aberats handien %74 han bizi dira. Azken horietan ere jarri du arreta txostenak, eta kalkulatu du munduko bost pertsona aberatsenen dirutza %114 handitu dela azken bost urteetan: 368.000 milioi euro zituzten duela bost urte, eta 794.000 milioi euro dituzte orain.

%23tik %17ra

Enpresen errenten gaineko zerga. Oxfamen arabera, 1975az geroztik %6 jaitsi da enpresek munduan beren errentengatik ordaintzen duten zerga tasaren batezbestekoa. %23 zen duela 50 urte, eta gaur egun %17 da batez beste. 141 herrialdetatik 111k bigundu dute fiskalitatea. 

Multinazional eta enpresa handiak pilatzen ari diren boterea «arazo larritzat» jo du Oxfamek, eta monopolioak antolatzea egotzi die: «Zergak ez ordaintzeko sistema oldarkorrak diseinatzen dituzte, zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzte, eta aberastasuna haien jabeen kontu korrontetara bideratzen dute». Azken ideia hori datu batekin azaldu dute txostenean: munduko 96 enpresarik handienek beren irabazien %82 akziodunen artean banatu zituzten iaz. Eta ez zen gutxi izan; izan ere, 148 enpresarik handienek %52 handitu zituzten mozkinak 2018-2021 tarteko batezbestekoarekin alderatuta.

Zerga sistema bigunak

Enpresa handiek zergetan zenbat ordaintzen duten aztertu du Oxfamek, eta ondorioztatu du azken 48 urteetan ia mundu osoan bigundu dela enpresen errentaren gaineko fiskalitatea: %23tik %17ra batez beste. Zehazki, aztertutako 141 herrialdeetatik 111k jaitsi dute tasa hori, eta 1980az geroztik %48 jaitsi da Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) kide diren herrialdeek beren enpresen zergetatik jasotzen duten diru kopurua. Txostenak salatu du fiskalitatea biguntzea enpresak erakartzeko amu bezala erabiltzen dela, eta jardun orokorra bada ere bereziki nabarmena dela hegoaldeko herrialdeetan.

Txosten luze eta mamitsua da, alor asko ukitzen dituena: langileen egoera, sexu arrakala... Azken atalean, Oxfamek desoreka konpontzen laguntzeko hainbat neurri aholkatzen ditu. «Pertsona guztientzako» ekonomia eredu bat eskatzen du, «enpresak kontrolatuko dituena». Monopolioak oztopatu behar direla dio, zerbitzu publikoak indartu eta sektore pribatua «arautu». Alde horretatik, argi adierazi du enpresek ordaindu beharreko zergak «drastikoki» handitu behar direla, bereziki ezohiko irabazien gainekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.