NDFk uste du inflazioa %4,4ra helduko dela munduan Ormuzen itxieragatik

Nazioarteko Diru Funtsak aurreikusten du munduko ekonomia %3,1 haziko dela, Irango gerra hasi aurretik iragarri baino bi hamarren gutxiago. Hiru jokaleku marraztu ditu, eta, aurreikuspenik ezkorrenean, esan du balitekeela inflazioa %6ra heltzea.

Pierre-Olivier Gourinchas NDFko ikerketa bulegoko zuzendari eta aholkulari ekonomikoa, udaberriko WEO txostena aurkezten, Washingtonen. J
Pierre-Olivier Gourinchas NDFko ikerketa bulegoko zuzendari eta aholkulari ekonomikoa, udaberriko WEO txostena aurkezten, Washingtonen. JIM LO SCALZO / EFE
joxerra senar
2026ko apirilaren 14a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau hilabeteren buruan, belztu egin dira munduko ekonomiaren gaineko hodeiak, eta arrazoi nagusi ageriko bat dago: AEBek eta Israelek Iranen aurka abiatutako gerra. Munduko ekonomia %3,1 handituko dela uste du Nazioarteko Diru Funtsak, urtarrilean iragarri baino bi hamarren gutxiago. Funtsean, inflazioak galgatuko du hazkundea; KPIa %4,4ra helduko dela uste du.

Udaberriko txosten ekonomikoa kaleratu du nazioarteko erakundeak (World Economic Outlook), eta hiru jokaleku nagusi marraztu ditu. Gerrak zenbat eta gehiago iraun eta Persiar golkoko azpiegitura energetikoak zenbat eta gehiago hondatu, aurreikuspenak orduan eta gehiago okertuko dira. Hau da, oraintxe hipotesirik baikorrena betetzea espero du. Aldiz, hipotesirik ezkorrenean, inflazioa %6ra helduko litzateke, eta ekonomia nabarmen hoztuko litzateke —%2ko hazkundea kalkulatu du, kasu horretan—.

Aurretik, egiaz, ez zegoen bereziki baikor. Donald Trump AEBetako presidenteak iaz abiatutako merkataritza gerraren eragina nabari zen urtarrilean NDFk egindako azterketan, baina bederen inbertsio teknologikoek, dolar merkeak eta finantza baldintza leunagoek baikortasun pixka bat ematen zioten egoera makroekonomiko orokorrari. NDFk ohartarazi du gorabidean diren herrialdeei kolpe «bikoitza» emango diela gerrak.

Eurogunea, motelago

Eurogunean, ekonomia batez beste %1,1 haztea espero du NDFk, iaz baino lau hamarren gutxiago. Alemania (%0,8) eta Frantzia (%0,9) antzera haziko dira, eta Espainiako ekonomia bizkorrago handitzea espero du (%2,2).

Europatik kanpo, Estatu Batuak %2,3 haztea espero du, iaz baino bi hamarren gehiago. Txinako ekonomia, berriz, %4,4 haziko litzateke, iaz baino sei hamarren gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA