Muturreko desberdinkeria, demokraziarako mehatxua

Joseph Stiglitz Nobel saridunak gidatutako ikerketa batek argitu du 2000. urtetik sortutako aberastasunaren %41 pilatu zuela biztanleen %1 dirudunenak. Abisua eman du: «Desberdinkeria ekonomikoak desberdinkeria politiko bilakatzen ari dira».

Priscilla Chan, Mark Zuckerberg, Lauren Sanchez, Jeff Bezos, Sundar Pichai eta Elon Musk Washingtonen, urtarrilean, Donald Trumpen kargu hartzean. SAUL LOEB / EFE
Priscilla Chan, Mark Zuckerberg, Lauren Sanchez, Jeff Bezos, Sundar Pichai eta Elon Musk Washingtonen, urtarrilean, Donald Trumpen kargu hartzean. SAUL LOEB / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Muturreko berdintasunik eza hautu bat da, eta eragotz daiteke borondate politikoa badago». Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak gidatutako ikerketa batean ohartarazi dute munduan den «desberdinkeria larrialdiaz», eta adierazi egoerak okerrera egingo duela neurriak berehala hartzen ez badira. Horrez gain, ultraaberatsek eta teknologia enpresa handiek politikaren gainean duten kontrol gero eta handiagoak demokraziarentzat dituen arriskuen berri eman du.

Hegoafrikaren gidaritzapean, G20ko kideek lehen aldiz eskatu dute desberdinkeriari buruzko txosten bat egiteko, eta asteon argitaratu dute. Stiglitzek nazioarteko beste bost aditurekin batera ondu du txostena, eta 80 ekonomialariren eta adituren laguntzarekin osatu. Kalkulu bat azpimarratu dute: 2000 eta 2024 bitartean munduan sortutako aberastasunaren %41 pilatu zuen biztanleen %1 dirudunenak, eta biztanleen %50 txiroenak aberastasun horren %1 eskas dute. Beste modu batera esanda: biztanleen %1 aberatsenen ondarea 1,12 milioi euro handitu zen batez beste pertsonako, eta %50 pobreenarena 508 euro soilik.

«Jada ulertu dugu klima larrialdi betean gaudela, eta, orain, desberdinkeria larrialdi bat dugula aitortzeko garaia da»

JOSEPH STIGLITZ Ekonomiako Nobel sariduna

Ondorioz, geroz eta herritar gehiago ari dira bizitzaren garestitzea pairatzen, herrialde gehienetan txikitzen ari da erdi mailako diru sarrerak dituzten familien multzoa, eta ikerlariek zuzenean lotu dute hori aberastasuna piramidearen goialdean pilatzearekin: «Diru sarreren desberdintasuna islatzen da osasunean, justizian eta bizi baldintzak hobetzeko ditugun aukeretan».

Argi diote: «Gaur egungo sistema ekonomikoak ez du ongizaterik sortzen munduko biztanleen gehiengoarentzat. Desberdinkeriak handitzen segitzen badu, aberatsenek joko arauak ezarri ahal izango dituzte euren ondarea babesteko, eta zaila izango da gurpil zoro horretatik irtetea. Egoerak erantzun irmoa eskatzen du». Uste dute gertu egon daitekeela «inflexio puntu bat».

«Jada ulertu dugu klima larrialdi betean gaudela, eta, orain, desberdinkeria larrialdi bat dugula aitortzeko garaia da», dio Stiglitzek ikerketan. «Ez da gizarte kohesioa hausten duen injustizia bat soilik, arazo ekonomiko eta politiko bat ere bada, eta zuzenean eragiten dio demokraziari».

Joseph Stiglitz Iruñean, urriaren 20an. IÑAKI PORTO / EFE
Joseph Stiglitz Iruñean, urriaren 20an. IÑAKI PORTO / EFE

Izan ere, herrialdeen %83tan handia da desberdintasuna —Munduko Bankuak horretarako jarritako irizpideen arabera—, eta ikerketan diote estatu horietan «atzerapen demokratikoak» izateko zazpi bider aukera gehiago dagoela berdintasuna handiagoa denetan baino. Stiglitzen iritziz, ondorioetan hori da gakoetako bat: «Desberdinkeria ekonomikoak desberdinkeria politiko bilakatzen ari dira, eta txiroenek geroz eta aukera gutxiago dituzte justiziara sarbidea izateko edo prozesu politikoetan ahotsa izateko».

Arazoa areagotu egin da plataforma teknologiko handiak agertu direnetik, sare sozialen kontrola dirudun gutxi batzuen eskuetan baitago. «Algoritmoen bidez kontrolatzen dute herritarrek zer ikusten duten, eta, beraz, baita zer mundu ikuskera duten ere», adierazi dute adituek.

%41

Aberatsenek 2000 eta 2024 bitartean pilatutako aberastasuna. 2000 eta 2024 bitartean munduan sortutako aberastasunaren %41 pilatu zuen biztanleen %1 dirudunenak, eta, batez beste, 1,12 milioi euro handitu zen euren ondarea.

Desberdinkeria eragiten duten egiturazko arazoei, gainera, zenbait fenomeno gehitu zaizkie azken urteetan: COVID-19aren pandemia, Ukrainako gerra, nazioarteko gatazka komertzialak... Azaldu dutenez, horien ondorioz areagotu egin da arrakala, eta aberatsek inoiz baino diru gehiago duten bitartean, lau pertsonatik batek arazoak ditu otordu guztiak egiteko: 2.300 milioi lagun daude egoera horretan, 2019an baino 335 milioi gehiago.

Gaur egun, milioidunen aberastasuna munduko BPG barne produktu gordinaren %16aren parekoa da, eta horrek aldatzeko itxura gutxi du, milioidunen ondorengoek 67.000 milioi euro jasoko baitituzte oinordetzan datozen hamar urteetan. «Ez da krisi koiuntural bat, belaunaldi arteko arazo bat da. Orain aurre egiten ez badiogu, okerrera egingo du datozen hamarkadetan», ohartarazi dute adituek.

Talde iraunkorra

Stiglitzek zuzendutako taldeak proposamen bat egin du: desberdinkeriari buruzko nazioarteko aditu talde iraunkor bat sortzea, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen antzekoa. Batzorde hori teknikoa izango litzateke, eta xedetzat izango luke desberdinkeriari buruzko politiko publikoak bideratzea. «Analisi falta dago, ez dago daturik, ezta proposamen politiko zehatzik ere, eta desberdinkeriari aurre egiteko oinarri sendoago bat behar dugu», esplikatu du Nobel saridunak.

Hiru alorretan lan egitea proposatu die gobernuei. Batetik, nazioartean, arau ekonomikoak aldatzea proposatu dute, multinazionalek eta ondasun handiek zerga justuago batzuk ordain ditzaten. Bestetik, estatu mailan, langileen aldeko legediak sustatzea, fiskalitate mailakatuagoak ezartzea eta zerbitzu publikoetan inbertitzea. Eta, azkenik, herrialdeen arteko elkarlanean, fiskalitatean, arlo komertzialean eta trantsizio berdean batera aritzea.

JAINAGA, ABERATSENEN ZERRENDAN

Asteon, Forbes aldizkariak Espainiako pertsona aberatsenen zerrenda berritu du, eta hor agertzen dira Hego Euskal Herriko dirudun nagusiak ere. Beste urtebetez, iaz baino 600 milioi euro gutxiagoko ondarea izan arren, zerrendaren gorenean segitzen du Suitzan bizi arren Donostian jaioa den Daniel Matek. Meatzaritzan arloko Glencore multinazionaleko hirugarren akziodun nagusia da, eta 2.500 milioi euroko ondarea du.


Zerrendan bigarrena, 1.400 milioi eurorekin, Jose Maria Aristrain enpresaburua da, Arcelor Mittalen eta Tubacexen dituen parte hartzeei esker. 2022an Madrilgo Auzitegiak zerga iruzurretik errugabetu zuen —Espainiako hiriburuan bizi da aspaldi—, baina epai hori indargabetu zuen iaz Espainiako Auzitegi Gorenak, eta epaiketa berriro egitea ebatzi zuen.


Hirugarren da Jose Ignacio Comenge, Coca-Cola Europacific Partners botilaratzailearen jabeetako bat, 1.100 milioirekin.


Jarraian ageri dira Victor de Urrutia enpresaburu arabarra eta haren semeak, 700 milioi eurorekin; Arriluzeko Markesa Carmen Ibarra eta haren sendia, horiek ere 700 milioi eurorekin; eta Juan Luis Arregi enpresaburu bizkaitarra, 640 milioi euroko ondarearekin.


Zerrendan berritasuna Jose Antonio Jainaga da, Sidenorren jabea, eta aurten zeresan handia eman duena, Talgo erosteko operazioaren burua delako, batetik, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako ikerketa bat zabaldu duelako Israeli altzairua saltzeagatik, bestetik.


Hamar dirudunen lista osatzen dute Javier Ormazabalek eta familiak, Jose Galindez Zubiriak —zerrendan ageri den Nafarroako lehen enpresaburuak—, Xabier Blanco Platerok, eta Anton Pradera bizkaitarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.