Amiantoaren Nafarroako biktimek dagoeneko eskatu dezakete haien kalteen ziurtagiria

Agiri hori ezinbestekoa da konpentsazio funtsaren diru laguntzak eskatzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irailetik eskatu daiteke.

CAFeko langileen protesta bat, amiantoan lanean ibili zirela salatzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU
CAFeko langileen protesta bat, amiantoan lanean ibili zirela salatzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urtarrilaren 2a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amiantoaren Nafarroako biktimek haien gaitzen eta gaitz horiek eragindako kalteen ziurtagiria eskatu dezakete bihartik aurrera. Nafarroako Gobernuak bide hori ireki duen foru agindua argitaratu du gaur. Bertan azaltzen dira, besteak beste, kasuak aztertuko dituzten medikuen zerrenda eta biktima ziurtagiria lortzeko prozeduraren pausoak. Agiri hori ezinbestekoa da amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsaren kalte ordaina lortzeko; Espainiako Gizarte Segurantzak du funts horren ardura.

Eusko Jaurlaritzak iazko irailaren 18an argitaratu zuen bere prozedura, eta bihartik aurrera Hego Euskal Herri osora zabalduko da eskubide hori. Konpentsazio funtsaren helburua da amiantoarekin harremana izateagatik gaixoturiko pertsonei kalte ordaina ordaintzea, betiere kutsaduraren sorburu izandako enpresa desagertu bada. Halaber, lan eremuan gaixotutako horiez gain, etxean edota kaleko esposizioaren eraginez gaixoturikoak ere babesten ditu.

Prozesua hasteko interesa duten pertsonek modu telematikoan edo aurrez aurre has dezakete. Horretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura jo behar dute. Mediku taldeek ustezko gaixoaren egoera eta amiantoarekin izan zuen harremana aztertuko dituzte, eta hiru hilabeteko epean bidaliko diote ebazpena. Gero hark jo beharko du Espainiako Konpentsazio Funtsera, asko jota bost urteko epean.

Araudiak aurreikusten duenez, amiantoarekiko esposizioak eragindako gaixotasun profesionala aitortuta duten pertsonek ordainketa bakar batean eskatu ahal izango dute kalte ordain osoa. Arauak gaitz hauek hartzen ditu aintzat: mesotelioma, biriketako eta laringeko minbizia eta asbestosi kasu larri eta moderatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.