2026an Nafarroako ekonomia %1,8 haziko dela espero du Laboral Kutxak

Industria ahul badago ere barne kontsumoak eta zerbitzuek dinamismo handia dutela azaldu du Joseba Madariagak. AEBetako muga zergekin baino, haien zeharkako ondorioekin dago kezkatuta.

Joseba Madariaga, Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Joseba Madariaga, Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko urriaren 17a
14:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nafarroan, albisteak onak dira». Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria baikor azaldu da Nafarroako ekonomiaren bilakaerari dagokionez. Kanpo merkataritza eta industria ahultzen ari badira ere, sendien barne kontsumoak eta zerbitzuak jarduera hauspotzen dute, eta %0,5eko erritmoan hazten ari da hiruhileko honetan. Hala, urte amaieran «ustekabe atseginen bat» espero du, eta barne produktu gordina «%2tik gora» amaitzea. Datorren urtean ere %1,8 haziko dela estimatzen du Laboral Kutxak, egungo datuetan oinarrituta.

Iruñean, datu makroekonomikoen zertzelada batzuk eman ditu Madariagak, lurraldeko eragile ekonomikoekin izandako topaketan. Bertan zegoen Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria ere, eta hark bat egin du erabat Madariagaren interpretazioarekin. Aurreikuspenari dagokionez, ia berbera da. «Legealdia aurrera egitearekin batera, eragile ekonomiko guztiok bat egiten dugu aurreikuspenetan», onartu du, erdi txantxetan.

Ekonomia sokatira betean dago uneotan. Kanpoko faktoreek jarduera apaltzen dute, baina barrukoek hazkundea bultzatzen dute. «Barne ekonomia sendo dago, eta kanpo arloa, berriz, ahul». Sektoreka, zerbitzuaren datuak «oso onak» dira. Alorreko enpresek negozio zifra handia izan dute batez beste, eta txikizkako merkataritza jarduera %3-4ko erritmoan handitu da. Oro har, enplegua ongi doa: 314.000 afiliatu daude erregistratuta Gizarte Segurantzan, eta langabezia tasa %7,8an dago. 

«Guk ez diegu AEBei muga zergarik ezarri, baina iristen zaigun hori garestiago iritsiko zaigu»

JOSEBA MADARIAGA Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria

Muga zergei dagokienez, AEBek EBren esportazioei oro har ezarritako %15eko muga zergek %0,24 galgatu dezakete BPGa batez beste. Alta, «zeharkako arriskuek gehiago kezkatzen» dute Madariaga: «Azken hamarkadetan osatutako hornidura kateei eragiten diete muga zergek. Alemaniako, Frantziako eta Italiako hornidura kateen parte da Nafarroa, eta hori guztia arriskuan dago. Inbertitzaileen konfiantzari ere kalte egin dio, eta oso zail egiten du erabakiak hartzea. Gainera, guk ez diegu AEBei muga zergarik ezarri, baina iristen zaigun hori garestiago iritsiko zaigu. Horrek guztiak kezkatzen nau», onartu du.

Industria jarduera iaz baino %1,3 apalago dabil aurten, eta ibilgailuen produkzioak eta esportazioak %16 murriztu dira. Dena den, Mikel Irujo Industria kontseilariak gogora ekarri du Nafarroako Volkswagen aurten fabrika auto elektrikora egokitzeko lanetan dabilela eta ekoizpen txikiagoa izatea hitzartuta zegoela aurrez. Irujok onartu du, dena den, urte zaila izan dela autogintzako hornidura katerako. «Haatik, Alemaniaren aldean, soldatak ez dira hainbeste igo, eta energiaren kostua merkeagoa da».

Irujok adierazi du bertako industria babestu behar dela eta muga zergak horretarako erreminta izan daitezkeela. Adibidez, fotovoltaikoan EBk ez die muga zergarik ezarri Txinako produktuei, eta hango inbertitzaileek erabaki dute komenigarriago zaiela Europara esportatzea; aldiz, Txinako auto elektrikoei ezarritako %35eko muga zergen ondorioz, Europan fabrikak ezartzeko asmoz dabiltza orain. 

EAJko liberala eta Txinako komunistak

Irujok onartu du azkenaldian hainbat elkarrizketa izan dituela Txinako balizko inbertitzaileekin. Irujoren arabera, haietako batek, metalgintzako soldaten taulak ikustean, argazkiak atera zituen, harrituta. «Sindikatuekin gatazkarik izan ohi den galdetzen digute. Bitxia da. Ni Geroa Baikoa naiz, EAJko militantea. Han nengoen ni, EAJko balizko liberal bat, Txinako komunista bati sindikalismoaren onurak azaltzen. Hau da bizi garen mundua». 

Beste bitxikeria bat kontatu du. Hyundai Mobisek bateriak muntatzeko lantoki bat eraikiko du Noainen. AEBetan, Georgian, antzeko lantoki bat ezarri nahi du. Irujo Hego Korean izan da berriki, eta, han azaldu diotenez, Donald Trumpen administrazioak Mobiseko 450 langile eta agintari atxilotu zituen, eskuburdinak jarri zizkien eta Hego Koreara bidali zituen indarrez. Fabrikako zuzendaria zegoen tartean, zeharo harrituta. «Hemen egonkortasuna ziurtzat jotzen dugu, baina ez da horrela mundu osoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.