Nafarroako ekonomiaren moteltzea baieztatu du Nastatek

Lurraldeko barne produktu gordina %0,5 handitu zen hiruhileko arteko tasan, ehunekorik txikiena 2023aren amaieraz geroztik. Enpleguak, ostera, ongi eusten dio: %2,1 handitu da azken urtean.

Industriako langile bat, Alloko Essity lantegian, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Industriako langile bat, Alloko Essity lantegian, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko ekainaren 25a
13:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Iaz izandako gorakada handiaren ondoren, Nafarroako ekonomia indarra galtzen ari da. Industriaren moteltzea nabarmena da, baina eraikuntzak ere hazkunde erritmoa apaldu du, eta zerbitzuak dira sendo eusten dioten bakarrak. Moteltzea ez da lan merkatura iritsi, %2,1 handitu baita azken urtean, aurreko hiruhilekoetan bezala.

Nastatek berretsi egin ditu duela aste batzuk aurreratutako bi datu nagusiak. Horien arabera, lurraldeko barne produktu gordina %0,5 hazi zen 2024ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, eta %2,6 2024ko lehenengoarekin alderatuta.

Urte arteko tasan bost hamarren apaldu da hazkunde tasa —%3,1 hazi zen 2024ko azken bi hiruhilekoetan—, baina are gehiago jaitsiko dela iradokitzen du hiruhileko artekoak. Izan ere, 2024ko lehen hiruhilekoan %0,9 hazi ondoren, Nastatek egiaztatu du hiruhileko bakoitzean hamarren bat galdu duela, 2025eko lehengo hiruhilekoko %0,5eraino.

Esportazioen jaitsiera

Sektoreen bilakaera urte arteko tasetan neurtzen du Nastatek, eta horietan argi ikusten da industria doala pattalen: %3ko erritmoan hazi zen 2024ko azken hiruhilekoan, eta %1 bakarrik orain. Arrazoi nagusietako bat esportazioetan aurki daiteke: %2,5 apaldu dira urteko lehen hiruhilekoan, motel dabiltzalako esportazioen bi jomuga nagusiak, Alemania eta Frantzia. 

Eraikuntzaren ekarpena ere murriztu egin da, %2,5etik %1,9ra, eta hazkundeari eusten diote nekazaritzak (%1,1) eta zerbitzuak (%3,2).

Zerbitzuen indar hori eskariaren araberako banaketan ere ikusten da. Familien kontsumoa sendoa da (%3,6), eta administrazioek ere eutsi egiten diote (%2,2). Kapital finkoaren eraketaren edo inbertsioaren hazkundea, ordea, asko txikitu da (%1,9tik %0,5era); are gehiago, ekipo ondasunetan egindakoa —makinak eta—, %0,6 txikiagoa da iazkoarekin alderatuta.

%6,4

Soldatetan banatutakoa. Barne produktu gordina errentaren arabera ere neurtzen du Nastatek. Haren arabera, 2025eko lehen hiruhilekoan gehiago hazi ziren soldatapekoen sariak (%6,4) enpresen eta autonomoen mozkinak baino (%3,3).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.