Gabonak gerturatzearekin batera ugaritu egiten dira era guztietako merkantzien bidalketak, eta atzerapenak. Litekeena da Nafarroan luzeagoak izatea itxaronaldi horiek, lurraldeko garraiolariek eta logistikako langileek zortzi greba egun antolatu baitituzte hil honetarako. Aurretik iragarritako bost egunei —abenduaren 13tik 17ra— beste hiru gehitu dizkiete, 20tik 23ra.
UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek antolatu dituzte mobilizazioak, sektoreko lan hitzarmenaren negoziazioa «erabat blokeatuta» dagoela gogoratzeko eta ANET Nafarroako Garraio Enpresen patronalaren «jarrera arduragabea» salatzeko. Azaldu dutenez, azken bilera maiatzaren 5ean egin zuten, eta ordutik ez da inolako aurrerapausorik egin, ezta azaroaren 24an egindako grebaren ondoren ere.
Gaur egun indarrean dagoen hitzarmena 2009an sinatu zuten, eta, sindikatuen arabera, hamazazpi urteotan patronalak ez du hobekuntzarik negoziatu nahi izan. «Soldaten izozte iraunkorra eta lan baldintzen okertzea» salatu dituzte, eta ohartarazi dute egoerak «mugara» eraman dituela langileak.
Lanuzteez gain, mobilizazioak ere antolatu dituzte. Iruñean, hilaren 15ean elkarretaratzea egingo dute Ollokin, Orreaga etorbideko biribilgunean. Biharamunean, hilaren 16an, manifestazioa egingo dute Iruñean. Zaragoza etorbidetik abiatuko dira eta Gurutze plazan amaituko dute; bidean, geldialdia egingo dute CEN Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzaren aurrean. Egun horretan bertan, Tuteran kamioi karabana bat egingo dutela iragarri dute.
«Abusuzko» lan baldintzak
Sindikatuen esanetan, «indar kolektiboa» funtsezkoa da «sektorea duintzeko» eta garraio enpresen «abusuzko praktikei» aurre egiteko. Horien artean honako hauek aipatu dituzte: kilometroen araberako lanaldiak, tarifa lauaren edo dieten araberako soldatak, eta aparteko orduak eta ordu presentzialak ez kobratzea, besteak beste.
Egoera horretan dauden langileei eta oro har garraiolari eta logistika arloko behargin guztiei dei egin diete greba deialdiak babestera. «Proposatzen diren presio neurriak bultzatzeko garaia da, negoziazioen blokeoa hausteko, eta salgaien garraioko, logistikako eta paketeriako langileen lan baldintzak gehiago prekarizatzen jarrai ez dezaten».