Nafarroako Volkswagenek ohartarazi du balitekeela 93 langile kaleratzea

Lan Ikuskaritzak behartu egin du behin-behineko 93 langileri kontratu finkoa egitera, eta enpresak esan du litekeena dela «kaleratzeko espediente bat aurkeztera» behartuta egotea. LABek erantzun dio «kontratazio arloko legedia bete» dezala.

Nafarroako Volkswagen fabrikaren sarrera. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Volkswagen fabrikaren sarrera. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
2026ko urtarrilaren 30a
15:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abendu amaieran kolpea jaso zuen Volkswagenek. Urrian egindako bisita baten ondoren, Lan Ikuskaritzak ebatzi zuen behin-behineko 93 langileri kontratu finkoa egin behar ziela hamar egunen buruan. Hilabete iragan da geroztik, eta zigor espediente bat ere jaso lezake enpresak. Gaur ,VWek langileen batzordeari ohartarazi dio «kaleratzeko espediente bat» aurkeztera behartuta egongo dela. Enpresak arrazoitu du ikuskaritzaren erabakiak langile finkoen kopuruan «desoreka» eragingo duela, eta, hala, «egungo beharrak gainditu». 

Ikusteko dago mehatxu hori gauzatuko duen, baina aurreko asteetan jada hartu ditu erabaki esanguratsu batzuk. VWen lehen erantzuna izan da errelebo kontratuak geraraztea. Gainera, aurten merkaturako diren auto elektrikoei erantzuteko, kontratazioa handitzeko asmoa zuen, eta horren inguruko baldintzen negoziazioa ere geldirik dago. 

Egoera hori aztertzeko, zuzendaritzak jarraipen batzordea zuen sindikatuekin. Gaur goizeko bileran, UGTk onartu du «egoera bereziki txundigarria» dela, baina «erantzukizunez eta konpromisoz» jokatuko dutela. Aldiz, LABek zuzendaritzari gogorarazi dio «kontratazio arloko legedia» bete behar dutela. Iragan astean, ELAk, LABek eta CGTk ohar batean VWen «jarrera mafiosoa» salatu zuten.

Salaketa eta ebazpena

LABek lan ikuskaritzan egindako salaketa batek eragin du auzia —ELAk ere 2024an hainbat salaketa aurkeztu zituen—. 15/2022 berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako legearen arabera, ezin dira baztertu gaixo agiria duten langileak, eta lanean baleude bezala ordaindu behar zaie. Hala, sindikatu abertzaleek eta CGTk salatu zuten VWek behin-behineko kontratuak «lan baldintzen ondoriozko egiturazko absentismoa» ordezkatzeko erabiltzen zituela. Horren bitartez, kontratu bakoitzeko soldatetan 600 euro inguru aurrezten zituen, gainsariak aintzat hartu barik.

Sindikatuek gaineratu zuten egoera hori posible zela zuzendaritzak UGTrekin eta CCOOrekin hitzartu zuelako enplegu akordioa: «Horren ondorioz, langile batzorde osoari ez diote kontratazio arloko azalpenik eman behar, eta uste dute administrazioarekin berdin joka dezaketela». Alta, administrazioaren galbahea ez du gainditu, nahiz eta lan ikuskaritzak hainbat aldiz erreklamatu behar izan zizkion kontratuen kopiak.

Azkenean, ikuskaritzak honako hau ebatzi zuen: 239 kontratuk gaur egungo legedia urratzen zuten, eta 151 kontratazio justifikatu gabe zeuden. Horietako batzuk jada ez daude fabrikan, baina oraintxe bertan 93 langileri eragiten die.

5.800 auto gehiago

Horrez gain, gaurko bileran baieztatu du aurten planifikatutakoa baino 5.800 auto gehiago egingo direla. Urte osorako egutegia lotu gabe dago, %60 baizik ez du hitzartu, eta produkzioaren igoerak aldaketak eragingo ditu. Alta, lan hitzarmenean jasotako epeak bete gabe gera daitezkeenez, UGTk «konpentsazioak» eskatu ditu, eta zuzendaritzak ontzat jo du eskea. «Hurrengo bileran zehaztuko dugu hori», esan du UGTk. LABek, aldiz, lan hitzarmena bete dadila exijitu du.

Errelebo kontratuari dagokionez, VWek onartu du «lanpostu finkoen osaerari» eragiten diola, eta «lan ikuskaritzaren eskaerari lotuta» dagoela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.